EH Bilduren parte-hartze eredua herren dagoela salatu du PSE-EEk

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 27a, 00:00

Sozialistek Hernaniko Burujabe programan oinarritutako eredua kritikatu dute.

Hernaniko PSE-EEk gogorarazi du aurreko legealdian EH Bilduk Hernani Burujabe izeneko programa jarri zuela martxan. Sozialistentzat «ekimen interesgarria izan zitekeen etorkizuneko Hernani guztion artean pentsatzeko, erronka interesgarriekin: energia sortzea, hurbileko elikadura, komunitatean zaintza, ingurumena zaintzea, tokiko merkataritza sustatzea, etxebizitza, etab».

«Baina zoritxarrez», udal talde sozialistaren arabera, «ekimen hau positiboa izan zitekeen, baina inposizio bat bezala sentitzen dugu, edo barruan edo kanpoan zaude, ez dago erdi biderik».

Burujabetzari buruz Udalak antolatu berri dituen jardunaldiak aprobetxatu nahi izan dituzte sozialistek hernaniar esperientziaren inguruan duten jarrera azaltzeko. Ricardo Crespo bozeramailearen arabera, «Hernanin tokiko subiranotasun adar ezberdinak aukeratu dira, baina horietako batzuek hari bera dute. Barruan ez bazaude, ez dizu mesederik egingo».

Crespok adierazi duenez, «Udalak sortutako energia komunitateko kide ez bazara, ezin duzu plakak instalatzeko zerga onurarik haundiena lortu. Tokiko monetaren komunitatearen parte ez bazara, ezin dituzu deskontu berberak jasoko dendetan».

 

«Herritarren zati bat ez da partehartzaile sentitzen eta txiringito sentsazioa du»

Gainera, sozialistek kritikatu dute bi adar horiek funtziona dezaten beharrezkoa dela hura dinamizatuko duten pertsonak kontratatzea, nahiz eta lan hori egin lezaketen beste udal elkarte edo langile batzuk egon, «horrek guztiak herritarren zati bat partehartzaile ez sentitzea eragiten du, txiringito sentsazioa izateaz gain».

Aitzitik, Hernaniko PSE-EErentzat hobeto diseinatuta dauden beste adar batzuk ere badaude, hala nola pertsonen zaintzarena edo lehen sektoreko ekoizleena.

Baina sozialisten kritika dator, alderdi politiko honen arabera, «partehartze politikorako beste modu klasikoago batzuk ahaztu direlako, beren gabeziekin funtzionatzen zuten arren. Esate baterako, 2020tik ez da aurrekontu partehartzailerik proposatu Hernanin. Aurrekontu partehartzaileen prozesu horiek 1.000 hernaniar inguruk parte hartzea lortzen zuten, eta hernaniarra izatea baino ez zuten aparteko baldintzarik. Edo beste prozesu batzuk, hala nola Lizeaga 3.0 edo harrobiarena».

Hernaniko PSE-EEk defendatzen duena da gaur egun Hernanin garatzen den herritarren partehartzea sustatzeko modu berri hau herren dagoela, gutxi batzuek baino ez dutelako partehartzen. «Ziur aski, partehartzeko modu bakar bat ere ez da perfektua, eta batzuei besteei baino gehiago gustatuko zaie, baina eredu desberdinen nahasketak jende gehiago animatzea eragin dezake», adierazi dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!