Urumea ibaiaren garbiketa eta hondakin fokuen bilketak, Udalak urtean zehar

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 27a, 00:00

Urumean astero ateratzen dute zaborra

8.260 kilo hondakin baino gehiago bildu dira udalerrian

Hernaniko Udalak Urumea ibaian eta herrian identifikatu diren zenbait hondakin fokuetan egindako garbiketetan 8.260 kilo hondakin baino gehiago bildu ditu aurten.

Garbiketa hauek egin ahal izateko Gipuzkoako Foru Aldunditik bi dirulaguntza jaso ditu Udaleko Ingurumen sailak. Batetik, ibaien garbiketa lanetarako 42.883,90 euro eta bestetik, sakabanatutako hondakin fokuen garbiketa eta prebentzio neurrien ezarpenetarako, 23.471,75 euro. Guztira, 66.355,65 euro izan dira ibaien eta udalerriaren garbiketa integralera eta zuzenketa jardueretara bideratu direnak.

Urumearen hamar kilometro baino gehiago garbitu dira

Martxotik hona, bi astez behin Martindegi auzotik Epela auzoraino doan Urumearen zatian garbiketak egin dira, Urzain enpresaren bidez. Horri esker, Urumea ibai-ibilguaren 10,5 kilometro baino gehiago garbitu dira. Eremu horretan 2.370 kilo hondakin baino gehiago bildu dira. Tartean, arropa, toallatxoak, hondakin elektronikoak, pneumatikoak, eraikuntzako hondakinak, beira, plastiko gogorrak...

Ibaira hondakin gutxiago heltzeko prebentzio neurri gisa, gure herrian Urumea zeharkatzen duten hiru zubitan sareta herdoilgaitzak jarri dira. Guztira, 616 metro inguru babestu dira saretekin.

Ibaiaren garbiketaz gain, bestelako hondakin fokuen garbiketak ere gauzatu ditu Hernaniko Udalak urtean zehar. Epela bailaran, Santa Barbaran, Zikuñaga bailaran, Florida auzoan, Jauregi auzoan eta Errekalde auzoan egin dira garbiketa horiek. Bilketa hauetan 5.890 kilo hondakin eta 17.252 litro pintura eta ibilgailuen olio hondakin garbitu dira. Garbiketa hauek Garbitania Zero Zabor enpresaren bidez egin dira.

Herritarren sentsibilizazioa sustatzeko kartelak

Ibaiak zaintzea oso garrantzitsua da. Izan ere, itsasora heltzen diren hondakin gehienak ibai-erreketatik iristen dira. Arazo global horri aurre egiteko, Hernaniko Udalak ezinbesteko ikusi du herrian eragiten hastea, itsasoko eta ibaietako uraren kalitateak zuzenean eragiten baitu herritarron bizi-kalitatean.

Herritarren sentsibilizazioa ibaien mantenurako puntu garrantzitsua denez, herritarrak euren jarreraren inguruan hausnartzeko helburua duten kartelak eta lurreko plakak jarri dira Hernaniko zenbait puntutan. Zabor pilaketak identifikatu diren fokuetan ere jarri dira ohartarazpen kartelak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!