Gau Beltza girotuko dute bihar herriko establezimenduak apainduta

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 26a, 00:00

Iaz herritar ugari bertaratu ziren Gau Beltza ospatzera.

Ekintza mordoa antolatu ditu Doberak Gau Beltzerako, eta motorrak berotzen hasteko, bihar herriko ikastetxeetako haurrek egindako eskulanak hartu eta herriko establezimenduak apainduko dituzte.

Badator Gau Beltza, badator kalabazak hustu, kandelak piztu eta iluntasuna bizitzeko garaia. Urriaren 31tik azaroaren 1eko gauean ospatu ohi da Euskal Herrian Gau Beltza, eta Hernanin ere ospatuko dute, Doberaren eskutik, Burrunba gazte euskaltzale taldearen laguntzarekin: «ohitura zaharrak berreskuratuz, jaia berrasmatzen ari gara. Izan ere, Halloween festak hartu duen indarra ikusita, gure izan den festaren aldarrikapena egin nahi dugu».

Herria girotzeko helburuarekin, bihar, herriko ikastetxeetako haurrek egindako eskulanak hartu eta herriko komertzioak apainduko dituzte. Guztira 30 establezimendutako erakusleiho apainduko dituzte, kalabazekin, armiarma sareekin...

 
Urriaren 31ko arratsaldetik

Urriaren 31ko 17:30etan hasiko dira Gau Beltzeko ekintzak. Aurrena, Kalabaza misteriotsuaren bila arituko dira herrian zehar, adin guztietako partehartzaileak, eta Doberak ziurtatu du ondoen mozorrotzen den taldearentzat sari eder bat dagoela: «atera trapu zaharrak eta animatu mozorrotzera!». 

Guztira, herriko txoko ezberdinetan kokatuta egongo diren 10 pista jarraitu beharko dituzte. Kokaleku guztietan Gau Beltzerako mozorrotutako lagun bat egongo da eta partehartzaileek hurrengo pista jaso ahal izateko, bertara gerturatu eta esandako froga gainditu beharko dute.

Partehartzeko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea ondorengo estekan: https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLSe6ZzNi1CYLVGtETKrH5igWr7GA0nsojdqfx7p7OjlAhFz6Dg/viewform. Apuntatzeko aukera bihar arte izango da. 

Jolasa amaituta, 19:00etan Gudarien Plazan jarri du hitzordua Doberak, bertan elkartu eta herriko dultzaineroen laguntzarekin, hilerrira abiatzeko. Bertan egingo da emanaldi nagusia eta beldurrak sutara botako dituzte denek elkarrekin, eta horretarako Doberak beldurrak idatzita eramateko eskaera luzatu du: «denbora aurrezte aldera». Bukatzeko, kalejiran herrira itzuliko dira.

Amaitzeko Doberak herritarrak Gau Beltzean parte hartzera gonbidatu ditu: «Uxatu dezagun Halloween mamua eta ospatu dezagun jai hau euskeratik eta euskaraz! Itzalitako kalabazak piztera goaz!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!