Arima bihurrien etorrerarekin emango zaie hasiera Txantxillako Jaiei, bihar

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 26a, 00:00

Txupinazoarekin eta arima bihurriaren etorrerarekin emango zaie hasiera, Txantxillako Jaiei.

Bihar arratsaldeko 19:00etan hasiko dira Txantxillako Jaiak txupinazoarekin. Arima bihurriaren etorrera, bertsolari saioa, pintxo potea, Zuttik elektrotxaranga eta DJ Anderground ere izango dira.

Hernaniko auzoko jaien amaiera iragarriko dute asteburuan, Txantxillako Jaiek. Bihar emango zaie hasiera jaiei txupinazoarekin, 19:00etan, eta segidan, Arima bihurriaren etorrera egingo dute auzoko haurrek. Bertsotan ariko dira bitartean, Maialen Lujanbio eta Eli Pagola. Gainera, festei hasiera emateko pintxo pote ederraz gozatzeko aukera izango dute auzotarrek, Jai batzordearen txosnan eta tabernan. Zuttik elektrotxarangak hartuko du lekukoa jarraian, eta gaua girotzen jarraituko du DJ Andergroundek.

 

Egun osorako egitaraua etzi, Txantxillako Jaiak ospatzeko

Etzirako, berriz, egun osorako egitaraua prestatu dute Txantxillako auzotarrek, haurren, gazteen eta helduen gozamenerako, hain zuzen. Goizeko 10:30etan, ohiko moduan, haurren lasterketak hartuko du protagonismoa, eta segidan, haurren jolasak eta auzo ginkanan ariko dira. 12:00etarako, sagardo dastaketa antolatu dute, eta urtero bezala, pintxoak ere salgai jarriko dituzte. Dastaketa girotzeko, Hernasax musika taldeak kontzertua eskainiko du, Txantxillako karpan.

Eguerdiko 14:00etan izango da auzotarren bazkaria, eta arratsaldean, Zapotxin pailazoaren bisitaz gozatzeko aukera izango dute Txantxillako txikiek.

Arratsaldeak aurrera egin ahala, arimen kalejirak girotuko du auzoa, Hernaniko dultzaina taldekoen laguntzarekin. 20:30etan, Andoni Ollokiegik hartuko du lekukoa eta kontzertu ederra eskainiko du, festa giroari jarraipena emateko. Segidan, festen amaierako traka botata, Txantxillako jaiak agurtuko dituzte auzotarrek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!