Arte sorkuntzako beka deialdian parte hartzeko epea, irekita

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 25a, 00:00

Aurten, 15.000 euro bideratuko ditu Hernaniko Udalak, arte sorkuntza laguntzera.

Irailaren 18ko Kronikan argitaratu zen zabalik dagoela arte sorkuntzarako dirulaguntzak eskatzeko epea, baina duela gutxira arte itxita jarraitzen zuen. Izan ere, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialeko argitalpenak akats bat zuen, eta akats hori zuzendu arte atzeratu dute eskaerak egiteko epea. 

Une honetan dagoeneko irekita dago; izan ere, Hernaniko Udalak arte sorkuntzako beka deialdia egin berri du Hernaniko artistei sorkuntza prozesuetan laguntzeko asmoz.

Dirulaguntza honekin, obrak sortzeko eta gauzatzeko laguntza ematea du helburu Udalak. Azaroaren 23ra arte aurkeztu daitezke proposamenak. 

Aurten, 15.000 euro bideratuko ditu Udalak arte sorkuntza laguntzera (aurreko edizioetan baino 5.000 euro gehiago). Bestetik, arte plastikoen arloko artistek ere izango dute arte sorkuntzako deialdi honetan parte hartzeko aukera zinema, ikus-entzunezkoak, argazkilaritza, dantza, literatura, musika, antzerkia edota bestelako disziplinetan aritzen diren sortzaileekin batera. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!