Larunbatean emango zaio amaiera Kultur Birari, Tor Magoak eskainiko duen emanaldiarekin

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 25a, 00:00

Familiako kide guztientzat aproposa izango den emanaldia eskainiko du Tor Magoak. Argazkia: Oneka Tirado

Arratsaldeko 17:30etan emango zaio hasiera Kultur Biraren azken kultur jarduerari, Tor Magoaren emanaldiarekin, Sorgintxulon.

Maiatzean jarri zen abian Kultur Bira, herriko auzoak kulturaz zipriztintzeko asmoarekin, Hernaniko Udalak antolatuta, auzo elkarteekin elkarlanean. Maiatzetik urrira bitartean, kultur jarduera ugari egin dira herriko auzoetan, guztira 9 emanaldi, eta larunbat honetan izango da biraren azken geldialdia, Sorgintxulon. Tor Magoaren bisita izango dute auzoko txikiek zein helduek, arratsaldeko 17:30etan. 

Familia guztiarentzat zuzendutako emanaldia eskainiko du. Izan ere, Tor Magoak magia ikuskizun oso parte hartzaileak eta umoretsuak eskaintzen ditu. «Haurrak denbora guztian egongo dira Tor magoarekin tirabiraka. Ez dute soilik magia ikusiko, magia egingo dute! Gainera, ikuskizun hauek gurasoak gozarazteko espresuki diseinatuta daude. Primeran pasako dute!». Mota guztietako emanaldiak eskaini ditu Tor Magoak, eta une honetan, lau emanaldi dauzka esku artean: 'Magia familiarra', 'Aztikeriak', 'Saloon', eta 'Magiapoteo'.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!