Garaipen erosoa neska seniorrek, liga hasteko

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 24a, 08:41

0-3 nagusitu ziren Aretxabaletan, Arizmendiren kontra, Gipuzkoako Ligaren estreinako jardunaldian.

Hasi dute denboraldia, Hernaniko boleibol taldeko dozenaka jokalarik. Kategoria ezberdinetako hamaika taldek ekin diote ligari. Seniorretan, talde bakarra izango du klubak aurten, nesken Gipuzkoako Ligan ariko dena. 

Bikain hasi du denboraldia talde horrek, garaipen erosoa lortuta: Arizmendi menderatu zuen Aretxabaletan, hiru setetan (0-3). Aurreneko jokoa kostatu zitzaien gehixeago (15-25), baina hurrengo bietan oso nagusi izan ziren hernaniarrak (12-25 eta 10-25).
Gainerakoan, zenbait partidu gogor jokatu dituzte Hernaniko taldeek: bost setetan erabaki dira hiru partidu, hain zuzen ere. Galdu egin dituzte hiru partidu horiek, ordea: neska infantilen Hernani 1 taldeak etxean, Harresiren kontra; neska kadeteen Hernani 3 taldeak Salbatore Mitxelenaren kantxan; eta mutil kadeteek Harresiren kantxan.

Aldiz, garaipena lortu zuten mutil jubenilek Aidean taldearen kontra (0-3), eta irabazi egin zuten mutil infantilek eta neska kadeteen Hernani 2 taldeak ere. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!