XI. Bakailu Asteko aurreneko postua irabazi du Guriak, bigarren postua Errioguardak, eta hirugarrena Atxurrek

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 24a, 00:00

Berriak Elkarteak eta Hernaniko Udalak banatu zituzten sariak igandean, eta esker hitzak helarazi zituzten: «eskerrik asko parte hartu duten 27 establezimenduei eta baita dastatzera hurbildu diren herritar guztiei ere».

Urriaren 9an eman zitzaion hasiera Hernaniko XI. Bakailu Asteari, eta bi asteko epea izan dute herritarrek bakailu pintxo goxoez gozatzeko. Aurtengo edizioan, guztira herriko 27 establezimenduk hartu dute parte, eta igandean Berriak elkarteak eta Hernaniko Udalak sari banaketa egin zuten. 

Aurtengo edizioan lau hernaniarrek osatu dute lehiaketa profesionaleko epaimahaia: Iturralde Jatetxeko Eider Manterolak, Onddi Tabernako Pili Lujanbiok, Kroketxeako Xabat Erroizeneak eta Sansonategi Jatetxeko Aritz Ansolak. Eta ondorengoa adierazi zuten profesionalek dastaketa egin zutenean: «Sentsazioa oso positiboa da. Pintxoak oso landuak daude, ikusgarriak dira, bista bakarrean jateko gonbita egiten dutenak. Balorazioa oso ona izan da, asko kostatu zaigu irabazlea hautatzea».  

 
Sari banaketa, igandean

Igandean, Berriak elkarteak eta Hernaniko Udalak kalejira batean bisitatu zituzten saria lortu duten establezimenduak. Aurreneko postua lortu zuen Guria tabernak. Bi sari jaso zituen; alde batetik, herritarren epaimahaiaren saria, eta bestetik, epaimahai profesionalaren saria. Bigarren postua lortu zuen Errioguarda Enea jatetxeak, herritarren epaimahaiak aukeratuta; eta hirugarren saria lortu zuen Atxur tabernak, hau ere, herritarren epaimahaiak aukeratuta. 

Berriak Elkarteak eta Hernaniko Udalak, esker hitzak elkarbanatu zituzten igandean, «eskerrak eman nahi dizkizuegu XI. Bakailu astean parte hartu duten 27 establezimenduei, eta baita dastatzera hurbildu diren herritar guztiei. Eta noski, zorionak denei!».

Bigarren postua lortu du Errioguarda Enea jatetxeak.
 
Hirugarren postuari eutsi dio, berriz, Atxur tabernak.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!