Hernanik garaipen garrantzitsua, Uribealdea lehiakor baten aurka

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 24a, 00:00

Uribealdea aurkari gogorra izan zen, batez ere lehenengo zatian.

33-6 nagusitu ziren hernaniarrak, nahiz eta atsedenaldira 7-6ko emaitza parekatuarekin iritsi.

Denboraldia ezin hobeto hasi du Hernanik, Ohorezko B Mailan, hirutik hiru garaipen lortu eta gero. Azken garaipena igandean iritsi zen, Uribealdearen aurka (33-6), partidu lehiatu batean. Hernaniarrek bost puntuak poltsikoratu zituzten, baina partidua berdindua izan zen lehenengo zatian. Aldiz, bigarrenean, hernaniarrek lau entsaio lortu zituzten, eta bonus puntua ere eskuratu zuten.

Lehenengo hamar minutuetan markagailua ez zen mugitu, eta hamargarren minututik 18garren minutura iritsi ziren lehenengo zatiko puntu guztiak. Uribealdea aurreratu zen zigor kolpe baten bitartez, eta hortik hiru minutura Iker Carbajo erdiko jokalariak lehenengo entsaioa lortu zuen trikoloreentzat, Beñat Arizetak gauzatu zuena. 7-6koa jarri zuten bisitariek, eta ez zen markagailua gehiago mugitu, nahiz eta hernaniarrek aukera garbi bat izan.

 

Bigarren zatiaren hasieran, hernaniarren erauntsia

Hernaniarren erauntsia iritsi zen bigarren zatiaren hasieran. Hasi eta berehala, Jokin Oleak bigarren entsaioa igo zuen markagailura, baina etxekoak ez ziren horrekin konformatu. 47garren minutuan eta 54garrenean beste bi entsaiok partidua erabakita utzi zuten (26-6). Aimar Gorrotxategi eta Xabier Lukas izan ziren egileak, eta Arizetak hiru entsaio horietatik bi gauzatu zituen. Markagailua ez zen gehiago mugitu azkeneko minutura arte: Jon Ander Zapiain aurrelariak lortutako bosgarren entsaioarekin eta Arrizabalagaren gauzatzearekin amaitu zen partidua (33-6).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!