Itzalitako kalabazak piztera doa Gau Beltzarekin Dobera Euskara Elkartea

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 22a, 00:00

Aurreko urtean hasi zituen ekitaldiak Doberak.

Herria girotzeko ikastetxeetako haurrek egindako eskulanak hartu eta komertzioak apainduko dituzte urriaren 27an.

Kalabazak hustu, kandelak piztu, iluntasuna bizi! Gau Beltza urriaren 31ren bueltan ospatzen da Euskal Herrian eta Hernanin ere, ohitura zaharrak berreskuratuz, jaia berrasmatzen ari da Dobera Euskara Elkartea. «Izan ere, Halloween festak hartu duen indarra ikusita, gurea izan den festaren aldarrikapena egin nahi dugu». Iaz landatutako haziari jarraipena emanez, aurten ere Gau Beltza ospatzeko egitaraua osatu du Doberak.

Herria girotzeko helburuarekin, herriko ikastetxeetako haurrek egindako eskulanak hartu eta herriko komertzioak apainduko dituzte urriaren 27an, ostiralean.

 

Kalabaza misteriotsuaren bila urriaren 31ean

Egun haundirako prestatu eta gero urriaren 31n, arratsaldeko 17:30etan hasita, Atsegindegin elkartu «eta Kalabaza Misteriotsuaren Bila arituko gara herrian zehar! Jolasean adin guztietako herritarrek hartu dezakete parte: lagun taldeak, familiak...».

Lehenengo pista Atsegindegin jasoko dute talde guztiek. Abisua eman eta denek batera irekiko dute sobrea, eta hortik aurrera talde bakoitzak bere bidea egin beharko du, pistak jarraituta. Guztira, herriko txoko ezberdinetan kokatuta egongo diren 10 pista jarraitu beharko dira.

Izena eman behar da

Kalabaza misteriotsuaren bilan parte hartzeko ezinbestekoa da izenematea, hemen: https://forms.gle/Y62A5UYmf773yJMs5.

Horren ondoren, arratsaldeko 19:00etan Gudarien Plazan elkartuko dira. Bertan, beldurrak sutara botako dituzte bertaratutakoek 19:30ak aldera. Denbora aurrezte aldera, beldurrak idatzita ekartzea gomendatzen eta eskatzen da. Ondoren, herriko dultzaineroen laguntzarekin, hilerrira abiatuko dira eta hilerritik jaitsiera 20:00etarako egingo da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!