Hernaniko Udala eta bere zerbitzu guztiak itxita egongo dira asteazkenean

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 22a, 00:00

Udaleko zerbitzuak eten egingo dira asteazkenean.

Hernaniko Udaleko Langileen Batzarrak bat egin du zerbitzu publikoan gehiengo sindikalak deitutako grebara Euskal Autonomi Erkidegoan.

Duela aste batzuk EAEko zerbitzu publikoetan %85eko ordezkaritza duten ELA, LAB, CCOO, STEILAS, SATSE eta ESK sindikatuek grebara deitu zituzten bertoko 150.000 langileak.

Urriaren 25eko greba deialdiaren inguruan eztabaidatu eta bozkatzeko batzartu ostean, Hernaniko Udaleko Langileen Batzarrak aipatu deialdiarekin bat egin eta greba egitea erabaki zuen. Ondorioz, Hernaniko Udala eta bere zerbitzu guztiak itxita egongo dira, asteazkenean, urriaren 25ean.

«Urriaren 25eko greba eginez salatu nahi dugu zerbitzu publikoek nabarmen egin dutela okerrera eta lan baldintzak okertzen ari direla etengabe azken urteetan. Bada, horrek zuzeneko eragina dauka herritarroi eskaintzen zaigun zerbitzuaren kalitatean».

Pandemiak agerian utzi zituen narriadura horren ondorioak dio Langileen Batzarrak. «Hiru urte geroago, egoera hori konpondu beharrean, zerbitzu publikoak indartu beharrean, EAEko erakundeek, hau da, Eusko Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek eta udalek, inoizko superabit haundiena dute: 10.000 miloi euro bankuetan gordeta dituzten bitartean, gizarte-premiak larriagotu eta zerbitzu publikoak okertu egiten dira nahiz eta batzuk egonezin eta arazo hauek artifizialak direla esaten tematu behin eta berriro».

«Argi azaleratu dugu egoera honen aurrean ezin dugula beste aldera begiratu, eta gure erakunde eta alderdi politikoei mezu garbia bidali nahi izan diegu: behingoz zerbitzu publikoen eta horiek ahalbideratzen dituzten langileen alde erabakiak har ditzatela!», eskatu dute langileek. 

«Enplegu publikoa indartu eta sortu behar da»

Langileen eskakizun batzuk ondorengoak dira: Estatutik datozen mugak behingoz kentzea, soldata publikoak eta enplegu publikoaren beharrak hemen erabakitzeko. Gure erakundeek zerbitzu publikoak indartzea, enplegu publikoa sortzea eta kontsolidatzea, lan-baldintzak hobetzea ahalbidetuko duten aurrekontuak onartzea.

%10eko soldata-igoera egitea, azken bi urteetako erosteko ahalmenaren galera berreskuratzeko eta 2024koa bermatzeko. Honetaz gain, aurretik galdutako erosteko ahalmenaren gaineko zorra aitortzea eta berreskuratzea. Enplegu publikoa sortzea eta egonkortzea, behin-behinekotasun erreala %8ra jaitsiz.

«Asteazkenean lantokiak hustu eta kaleak beteko ditugu zerbitzu publikoak indartu, lan baldintzen etengabeko narriadura gelditu eta Euskal Herrian sektore publikoko enplegua, lan baldintzak eta soldatak erabaki arte».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!