Gartzarongo Torneoaren semifinala jokatuko du gaur Ekhi Osesek

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 21a, 00:00

Gartzaronen ariko da gaur Ekhi Oses hernaniarra.

Gartzaronen ariko da hernaniarra, 16:30etan hasita, Behar Zanako Otaegirekin bikotea osatuta, infantiletan.

Partiduz jositako asteburua dute CD Hernaniko esku pelotariek, txapelketa ofizial eta pribatuetan: 38 partidu jokatuko dituzte guztira, ostegunean hasi eta bihar arte. Gipuzkoako Txapelketakoak dira gehienak; binakakoak batzuk, eta alebin eta infantil mailako Errendimendu Txapelketakoak besteak. Aste honetan ekin diote azkeneko horri, eta CD Hernaniko 25 esku pelotari ariko dira: alebinetan 10, eta infantiletan 15. Haietako batzuk oso maila onean aritzeko moduan ikusten ditu klubak, baina gehienak «esperientzia pilatzera» joango dira frontoietara, «horixe baita helburu nagusia adin hauetan».

Txapelketa pribatuei dagokienean, aldiz, Ekhi Oses infantilak dauka partidurik garrantzitsuena. Gartzaronen jokatuko du gaur, 16:30etan, Gartzarongo Txapelketaren semifinala. Behar Zanako Otaegirekin osatuko du bikotea hernaniarrak, eta Baleztena eta Zubillaga leitzarrak izango dituzte kontrario.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!