Gaur hasiko da boleibol denboraldia

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 21a, 00:00

Gipuzkoako Txapelketetan arituko dira Hernaniko talde guztiak. Etxetik kanpo jokatuko dute seniorrek. 

Asteburu honetan ekingo diote Hernani Kirol Elkarteko boleibol taldeek 2023-2024 denboraldiari. Aldaketa asko izan dituzte taldeen egituraketan, eta ilusioarekin hasiko dute liga klubeko hamaika taldeek. 

Senior mailako nesken taldeak etxetik kanpo hasiko du denboraldia. Aretxabaletan jokatuko dute gaur, arratsaldeko 17:45etan, Arizmendiren kontra. Euskal Ligatik Gipuzkoako Txapelketara pasatu da taldea, eta maila berrian lehiatzeko anbizioa dute jokalariek. 

Etxean jokatuko dute, ordea, emakumezkoen jubeniletako bi taldeek. Ostadarri egingo diote aurre Hernaniko kiroldegiko pistan, arratsaldeko 16:00etatik aurrera. Jubeniletan indargune haundia du Hernanik, eta aurten ere ligako goiko postuetan egonkortzea izango da xedea. Gizonezkoen kasuan, Zarautzen jokatuko dute bihar, 13:15etan, Aidean taldearen aurka. 

Gainontzeko talde gehienek etxetik kanpo jokatuko dute lehenengo jardunaldia. Neska infantilak izango dira Hernanin jokatuko duten bakarrak, Harresiren aurka. Aurtengo denboraldirako asko indartu dituzte beheko taldeak, eta aldaketa horren emaitza ikusteko gogotsu daude klubeko kideak. 

Arazoen berri ere eman dute klubetik

Denboraldi berria betiko zailtasunekin hasiko du Hernani Kirol Elkarteak. Klubetik horien berri eman dute, «arazoek asko baldintzatzen dutelako urteko lana»: «Beti bezala, behar haundiena arlo ekonomikoa da. Beste arlo garrantzitsua antolatzeko espazio fisikoaren gabezia da, eta hau oso larria da une honetan, boleibola antolakuntza aldatze prozesuan dago eta baldintza gutxieneko batzuk behar ditu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!