Landarera itzuliko da bihar Hernani, ligako hirugarren garaipenaren bila

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 21a, 00:00

Igoera fasera sailkatzeko bidean pauso sendoak ematen ari da Hernani.

Bihar eguerdiko 12:30etan hasiko da Hernaniren eta Uribealdearen arteko partidua. 

Astebeteko atsedenaldiaren ondoren, Landarera itzuliko da bihar Hernaniko Ohorezko B mailako taldea. Modu ezinhobean hasi dute denboraldia trikoloreek, lehenengo bi jardunalditan bi garaipen eskuratuta, eta jarraipena eman nahi diote bolada onari. Igoera fasera sailkatzeko bidea egiten ari da Hernani, horixe da taldearen helburua, eta pauso sendoak ematen ari dira oraingoz. 

Biharko partiduan, laugarren jardunaldiari dagokion norgehiagokan, Urbiealdearen bisita jasoko dute Landaren, eguerdiko 12:30etan. Aurreikuspenen arabera, Hernani izango da garaipena eskuratzeko faboritoa, baina lana gogotik egin beharko dute etxekoek hori lortzeko. Bi partidutan bi garaipen lortuta, sailkapeneko hirugarren postuan daude hernaniarrak, aurretik dituzten bi taldeek baino partidu bat gutxiago jokatuta. Bizkaitarrek hiru partidu jokatu dituzte dagoeneko, eta garaipen bat eta bi porrot dituzte; hala, sailkapenaren azpialdean daude. 

Talde nagusiaz gain, klubeko gainontzeko taldeek ere jokatuko dute asteburu honetan. 23 urtez azpikoek Poble Nouen aurka jokatuko dute etxean, bihar goizean. Aldiz, 18 eta 16 urtez azpikoek Gasteizera joan beharko dute, Gamarrara zehazki, Gaztediren kontrako partiduak jokatzeko. 

Inklusio Bultzada bertso saioa, Tolosan

Errugbia, inklusioa eta bertsolaritza uztartuta, Inklusio Bultzada bertso jaialdia antolatu du Hernaniko Errugbi Elkarteak, Harituzekin batera. Urriaren 29an izango da saioa, eguerdiko 12:00etan, eta punta puntako bertsolariak arituko dira kantuan Tolosako Leidor aretoan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!