Burujabetzara bidean, Udalgintzatik eragiteko aukera eta mugak aztergai

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 19a, 18:37

Udalgintza eta herrigintza esperientzia eraldatzaileak partekatzeko BURUJABETZAK jardunaldiei hasiera eman zaie gaur Hernanin, Hernani Burujabek, Udalbiltzak eta Hernaniko Udalak antolatuta.

Lehenengo goizean udalgintza ikuspegitik landu da gaia. Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak egindako sarreran nabarmendu duenez, udal ordezkariek “ardura bat daukagu, udaletik politika aurrekorakoiei bultzada ematea”, eta udaletxeko areto nagusitik, “areto garrantzitsuenetik”, Hernaniko Udalak herrigintza indartzeko duen konpromisoa berretsi du. “Udal ordezkariok badakigu gure lana zein den, baina kontziente gara herrigintzako hanka aktibatzen ez badugu, egitasmo horiek nekez egingo dutela aurrera”, adierazi du.

Itsaso Lekuona Hernaniko zinegotziak Hernani Burujabe herri proiektua aurkeztu du. “Hiru erpin ditu Hernani Burujabek: herritarra, publikoa eta ekonomikoa. Erpinen arteko harremanak ahalik eta orekatuena izan behar du eta udalak askotan hartzen duen pisu handiegia orekatzeko ahalegina egin behar da, denok erritmo berdinean jartzeko”, azaldu du. Horren harira, esan du garrantzitsua dela herritarrek ere erabakitzeko eremuak izatea eta beraiek ere horretarako ardura hartzea.

Udalbiltzako lehendakariak, Haritz Alberdik, erakunde horren ibilbidearen errepaso bat egin du eta azaldu du momentu honetan eraldaketa prozesu batean sartuta daudela eta euren egitekoen artean dagoela udalei aholkularitza ematea. Jardunaldi hauetan tokiko proiektuak nazio maila batera nola eraman jorratzea da helburuetako bat, “elkar entzutea, zer behar dauden aztertzea, ondorioak ateratzea, eta eskalatze horretan urratsak ematea”, gaineratu du.

Udaletatik eragiteko mugak baina, batez ere, aukerak

Proiektu eraldatzaileek sarri administrazio publikoko legedi eta arauekin egiten dute talka eta hori izaten da askotan aurrera egiteko muga nagusia. Gaurko bigarren saioan izandako hiru hizlariek, ordea, muga horiek gainditzeko aukerak azaldu dituzte.

Laia Forné La Hidra coooperativa-ko kidea da. Parte-hartze eremuan esperientzia zabala dauka eta, besteak beste, Bartzelonako Udalarentzat aritu da lanean. “Konfidantza, aitortza, erantzukidetasuna eta gardentasuna” aipatu ditu prozesu parte-hartzaile komunitarioen ardatz gisa eta Bartzelonan nahiz Gerneralitatean gobernantza publiko-komunitarioa gauzatzeko erabili dituzten pare bat formula aipatu ditu. “Bartzelonako Udaletik programa bat egin genuen titulartasun publikoko ondare-ondasunak irabazi-asmorik gabeko eragileei lagatzeko, modu komunitarioan erabiltzeko eta kudeatzeko". Horrela lortu zuten ondare publikoko eraikinak auzo eragileek kudeatzea.

EHUko GEZKI institutuko Aitor Goikoetxea herri kooperatiben figuraz aritu da eta publiko-pribatu eredu bitarra hausteko beharra mahaigaineratu du. “Publiko-pribatu eredu bitar horretan, zer gertatzen da jabego komunitarioarekin? Eredu hori gainditu beharra daukagu: Pribatua, publikoa eta komunitarioa”. Eta ondorioz, gaineratu du: “Lankidetza publiko-komunitarioa, kooperatiben bitartez, ez da pribatizazioa, demokratizazioa baizik”.

LKS Next aholkularitzatik, Eneko Anzuolak egungo legedian sakondu du eta aukera ezberdinak aipatu ditu. Besteak beste, esan du lankidetza publiko eta pribatuaren gutxieneko testuinguru bat badagoela Euskadiko Kooperatiben Legean: “Kooperatibak forma baliodun eta egokiak dira zerbitzu publikoak garatzeko eta hobetzeko eta erakunde publikoek kooperatiba horietako bazkideak izan daitezke”.

Arratsaldeko saioan, dimentsio eta ikuspegi ezberdinetatik burujabetza(k) egungo testuinguruan zergatik aldarrikatu hausnartuko dute Jule Goikoetxea filosofo politiko eta irakasleak, Mireia Vehí CUPeko diputatu ohiak eta Glenna del Vallek, Venezuelako kontsul nagusia Bilbon.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!