K. OLABERA enpresako langileoi zaila zaigu...
Urnietan kokatutako enpresa honetan, gehienok, urte luzeak daramatzagu bertan lanean. Aplikagarri zaigun hitzarmena 'Convenio General de la industria Química' delakoa da. Estatala. Eta bertan ezartzen diren soldata minimoak ez dira inondik inora duinak, Euskal Herrian bizi dugun gizarte eta lan errealitatea kontutan hartuz gero.
K. Olaberako langileon artean ohikoak dira hileroko 1100 eta 1200 euroko soldatak, eta nekez molda gaitezke horiekin (etxearen alokairua; seme-alaben gastuak; bizitzaren garestitzea...).
Hemen lan egiten dugu eta hemen erabaki beharko genituzke gure lan baldintzak. Horrexegatik gaude Kimiketako Euskal Hitzarmenaren alde. Lan baldintza eta soldata duinagoak ahalbitetuko lizkigukeen hitzarmen baten alde.
Alta, bitartean, funtsezkoa deritzogu gure egoera samurtzeari, eta gure artean antolatu eta enpresako arduradunei itun duina negoziatzen hasteko borondatea azaldu diegu.
K. Olaberako langile guztiontzako 200 euroko soldata osagarria da gure eskakizun nagusia, hori baita gure egunerokotasuneko egoera zaila arintzeko modu bakarra.
Ez gara egingarria ez den ezer eskatzen ari. Baina, orain artean, enpresako arduradunek entzungor diraute. Negoziaketa alferrik luzatu, gure artean bereizketa eta zatiketa sustatzen saiatu, eta ezezkoa izan da jaso dugun erantzun bakarra.
Egoera honen aurrean, borroka eta mobilizazioa beste aukerarik ez daukagu, eta horri eutsiko diogu lan baldintza egokiak lortu arte.
K. OLABERA. Hitzarmen duina orain!