«Euskera lehenesten jarraitzeko asmoa» berretsi dute Hernaniko EH Bilduk, EAJk eta Elkarrekin-Podemosek

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 21a, 00:00

UEMAk argitaratutako adierazpenarekin bat egin dute Hernaniko Udaleko hiru alderdi horiek. «Euskeraren aurkako oldarraldia» salatzeaz gain, «euskera sustatzen jarraitzeko konpromisoa» ere azaldu dute. 

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Udal Legeko zenbait artikulu baliogabetu ondoren, UEMAk argitaratutako adierazpenarekin bat egin dute Hernaniko EH Bilduk, EAJ-PNVk eta Elkarrekin-Podemosek. 

Sei puntutan aletu dute sententziari buruzko iritzia UEMA osatzen duten udalerriek. Hasteko, erabakiak sortu duen «kezka eta larritasuna» nabarmendu dituzte, eta testuinguruari egin diote erreferentzia: «Azkenaldian gisa bereko epai batzuk iritsi dira, eta guztietan berbera izan da norabidea. Epai hauek traba dira urteotan euskara sustatzeko bidean adostasun haundiz eraiki den orubearentzat». 

UEMAtik azaldu dute Auzitegi Nagusiaren erabakiak «bete betean» eragiten diela kide diren udalerriei: «Udalak helburu nagusien artean du udalerrian euskera normalizatzea eta herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzea, eta sententzia honek oztopoa besterik ez dakar». Horrez gain, azpimarratu dute «euskera lehenestea ez dela gaztelania baztertzea»: «Ez da halakorik: minorizatutako hizkuntza aurrerabidera eramatea da, eskubide guztiak bermatzeko».

 

Euskeraz funtzionatzen jarraitzeko hautu irmoa

UEMAtik gehitu dute azken hamarkadetan euskerak «aurrera» egin duela udalerri euskaldunetan, udaletako «lan hizkuntza nagusia» izateraino. Horregatik, orain arteko bidean jarraitzeko asmoan berretsi dira UEMAko udalerrietako ordezkariak: «Udalak aurrerantzean ere martxan jarriko ditu bere esku dauden neurri eta plangintza guztiak. Euskera da gure udalerriko hizkuntza propioa, eta hori sustatzen jarraitzeko konpromisoa dauka Udalak. Justiziazkoa da». 

Alabaina, hautu horrekin aurrera egin ahal izateko, «lege orube sendoaren beharra» aldarrikatu dute, eta ondorengo eskaera egin diete «lege araudia garatzeko eskumena duten erakunde guztiei»: «Nork bere eskumenekin eta elkarlana oinarritzat hartuta, urra dezagun bidea euskeraren indarberritze prozesua lege babes sendoarekin hornitzeko». 

 

Azaroaren 4ko manifestazioarekin bat egin dute

«Euskeraren aurkako oldarraldia eteteko» helburuarekin, UEMA osatzen duten Udalek bat egin dute Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4an Bilbon antolatu duen manifestazioarekin: «Euskararekin bat egiteko eta Bilboko mobilizazioan parte hartzeko deia egiten die Udalak herritarrei».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!