Hezkuntzatik ere burujabetzaren aldeko ekimena bihar, haurrentzat

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 20a, 00:00

Hezkuntza arloko kideak, Zapotxin eta Porrotx pailazoak eta Kanikako kideak, astearteko agerraldian.

Goizeko 11:00etan hasita, tailerrak egingo dituzte Tilosetan, Porrotx eta Zapotxin pailazoekin, eta Kanika taldeko kideekin.

Burujabetzen Eguna ospatuko da bihar, Hernani Burujabe osatzen duten proiektuak ezagutzera emateko. Herriko erdiguneko hainbat txokotan jarriko dituzte postuak, sektore ezberdinetako eragileek, gaiari buruzko azalpenak eman, proiektuak ezagutarazi eta parte hartzeko gonbitea luzatzeko herritarrei.

Horien artean, bere tokia izango du Hezkuntza taldeak ere, eta prestatu dutenaren berri emateko, astearte arratsaldean egin zuten agerraldia, Hezkuntza taldeko ordezkariek, Porrotx eta Zapotxin pailazoek, Kanika aisialdi taldeko kideek, eta Axier Mingo hezkuntza zinegotziak.

Tilosetan jarriko dute ma­ha­ia bihar, hezkuntza arlotik Hernani Burujaberen barruan bideratzen ari diren dinamiken berri emateko: bai orain arte egindako lanketak eta ekimenak, eta baita aurrera begira «be­netako Burujabetza hori lortze aldera egingo direnak».

«Hernani herri hezitzailea izatea nahi dugu, burujabea; eta herritar guztion parte hartzea eskatzen du horrek, baita gure haur eta gazteena ere, beraiek ere subjektu aktibo direlako, eta beraien partehartzea oso garrantzitsua delako», nabarmendu dute antolatzaileek.

Horregatik, hain juxtu, gaztetxoei bideratutako ekimenak ere prestatu dituzte bihar goizerako: tailerrak egingo dituzte Tilosetan, goizeko 11:00etan hasita, Porrotx eta Zapotxin pai­la­zoekin, eta Kanika aisialdi tal­deko kideekin. «Bereziki hau­rrei zuzendutako ekimen polit bat izango da tailerra», aurre­ratu dute. Bertan izango dira ametsen zuhaitza, koloretako harriak... Edonola ere, herritar guztiei luzatu diete bertaratu eta parte hartzeko gonbitea. Gainera, kalejira ere egingo dute, eta musikarik ez da faltako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!