Don Inorrez taldearen doinuak entzungo dira gaur Biterin

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 19a, 00:00

Talde tolosarrak kontzertua eskainiko du 19:30etan eta sarrerak eskuratu daitezke zortzi eurotan on line edota Biterin bertan.

Don Inorrez talde tolosarrak Biterin kontzertua eskainiko du gaur 19:30etan hasita. Sarrerak 8 eurotan daude salgai Biteriko sarreran edo on line kultura.hernani.eus webgunean.

Bide Ertzean taldeak atsedenaldi mugagabe bat hartu zuen 2016ko abenduan eta Imanol Ubeda taldeko kantariak bakarkako ibilbideari ekin zion Don Inorrez proiektuarekin. Imanol Ubedarekin batera Karlos Aranzegi bateria-jotzailea, Fernando Neira baxu-jotzailea eta Ruben Caballero gitarra-jolea aritzen dira zuzenekoetan.

2021ean, hirugarren diskoa kaleratu zuen, Esku hutsik izenekoa. Lehen diskoko power pop estilora itzuli da, pandemiaren aurrean, rockaren botika proposatzeko gogoz. Letra ironikoak, gitarra zorroztuak eta erritmo biziz osatutako 10 abestik osatzen dute. 2022an, Sastraka izeneko artefaktu literarioan hartu zuen parte Don Inorrezek, Pello Lizarralde idazlea, Jose Ignacio Agorreta margolaria eta Imanol Rayo zinegilearekin batera. 12 kantuz osatutako diskoa egin zuten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!