Egurrezko jolasak Atsegindegin etzi, Kultur Bira egitasmoaren barruan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 19a, 00:00

Haurrentzako prestatuko ditu Kaxko Elkarteak egurrezko jolasak, 17:00etatik 19:00etara.

Udalak auzo elkarteen laguntzarekin Kultur Bira egitasmoa jarri zuen martxan maiatzean hamar auzoetan, urrira arte. Auzoz auzo maiatzetik irailera bitarte zortzi auzo elkartek parte hartu dute bira honetan, hala nola, Ereñotzuk, Karabelek, Latsunbeberrik, Osiñagak, Portuk, Txantxillak, Zelabidek eta Zikuñagak. Urrira iritsita bi ekitaldi geratzen dira. Honela, etzi, Atsegindegin Kaxko Elkarteak antolatuta, 17:00etatik 19:00etara, haurrentzako egurrezko jolasak izango dira. Kaxkotik bizilagunak eta herritarrak animatu nahi dituzte bertan parte-hartzera. 

 

Urriaren 28an Tor Magoa Sorgintxulon

Kultur Bira urriaren 28an amaituko da Sorgintxulon. 17:30etan Tor Magoak magia ikuskizuna eskainiko du haur eta helduen gozamenerako. Publiko familiarrari zuzendutako programazioa osatu dute sei hilabetez. Kultur Biraren funtsa auzo elkarteen eta Udalaren arteko elkarlana izan da eta bereziki poztu ditu Udala eta auzo elkarteak programa hau aurrera eramateak.

Musika emanaldiak, antzerkia, txontxongiloak... izan dira orain arte eta azken bi ekitaldietan jolasak eta magia txertatu dituzte programa zabala osatuz. Normalena da auzo elkarte bakoitzak bere programazioa landu eta aurrera eramatea, baina oraingoan Udalarekin joan dira besotik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!