Boluntariotza Azoka, estreinekoz Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 19a, 00:00

Gudarien Plazan aurkeztu zuten atzo Boluntariotza Azoka.

Gipuzkoako 26 elkartek Atsegindegin stand informatiboak eta jarduerak antolatu dituzte etzi goizean.

Gipuzkoako 26 elkarte Hernaniko I. Boluntariotza Azokan elkartuko dira etzi goizean, eguerdira arte. Hernaniko Udalak eta Sareginez, Gipuzkoako boluntariotza entitateen sareak antolatu dute azoka. Parte hartuko duten elkarteen artean Hernaniko zazpi ere izango dira.

Lehenengo aldiz hartuko du Hernanik Gipuzkoako boluntarioen elkarteen topaketa. Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak atzo gogora ekarri zuenez, «gure herriak elkarte-sare handia du, eta hori harro egoteko modukoa da». 
Etzikoa «elkartasunaren azoka izango da», azaldu zuen aurkezpenean Lertxundi alkateak. «Boluntariotza sustatu eta elkarteen arteko sareak osatzea» da Azokaren interesgune nagusienetakoa, alkatearen arabera.

Miren Gurrutxaga, Gizaldeko koordinatzaileak azaldu zuen askotan «ezezagutza» izan ohi dela herritarrak boluntariotzara ez hurbiltzeko arrazoia. «Oso isileko lana da boluntarioek egiten dutena eta kalera ateratzeak ikusgarritasuna emango dio egiten duten ezinbesteko lan horri».

 

Informazioa eta jarduerak goizean zehar

Honenbestez, etzi larunbatean Atsegindegi boluntarioen plaza bihurtuko da. 10:30etatik 14:00etara stand informatiboak jarriko dituzte elkarteek, bakoitzak bere lanaren berri emateko.

Horrez gain, DYAko, Gizaldeko, AGIko, Nagusilaneko eta Alboaneko bolondresek antolatutako zenbait jarduera ere izango dira goizean zehar. 

 

Hernaniko auzozaintza sareak stand propioa izango du

Hernaniko Udalak ere parte hartuko du Boluntariotza Azokan, Auzozaintza zaintza publiko-komunitarioko bolondresen sarearen berri emateko. Hernaniko auzozainek egiten dutenaren berri emateko, auzozainen figura indartzeko eta auzozain posible berriak erakartzea izango da helburua.

Parte hartuko duten elkarteak hauek izango dira: Afagi-Alzheimer Gipuzkoa; AGI; Alboan fundazioa; Alkoholiko eta jokuzale anonimoen Santa Barbara taldea; Amher-Sos Arrazakeria; Aspace Gipuzkoa; Atzegi; Auzozaintza; Bihotzez elkartea; DYA Gipuzkoa; Ekintza bide-Bizi Berria; Gipuzkoako Itxaropen Telefonoa; Gipuzkoa Minbiziaren aurka; Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartea; GIT Fiare Gipuzkoa; Gizakia Helburu-Izan Fundazioa; Gizalde Gipuzkoako Boluntariotza; Goiz Eguzki elkartea; Gurutze Gorria; Hurkoa Fundazioa; Jatorkin Al Nahda; Koxka; Long Covid Euskal Herria elkartea; Nagusilan; Ortzadar elkartea; eta Parrokiarteko Kristau Elkarteak.

 

EGITARAUA

HERNANI

URRIAK 21

10:30-13:30 Bihotz eta biriken suspertze tailerra.

10:30-13:30 Ikusmen urritasuna bizi: ibilbide irisgarriak.

11:30-13:30 Txapak egiteko tailerra.

12:00-13:00 Musika emanaldia (trikitixa, gitarra eta ahotsa).

12:00-13:30 Elkartasuna, migrazioa eta ingurumen gaiak lantzeko mahai-jolasak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!