Gazako zerrendaren azalera Baztangoa baino txikiagoa da. Gazan, ordea, ia 2 milioi pertsona bizi dira, Baztanen 8.000 inguru bizi diren bitartean. Lur eremu txiki horretan, baina, Israelgo estatua XXI. mendean ezagutzen den genozidio handiena gauzatzen ari da. Zoritxarrez, gaur gaurkoz ez daukagu gisa horretako gatazka batean esku-hartzeko gaitasunik. Ez behintzat, kontzientziazio eta mobilizazio lanetatik haratago.
Gauzak horrela, potentzia inperialista gehienak genozidio horren parte aktibo bilakatu dira; izan baliabide militarra Israelgo estatuari emanez (Espainia kasu), edo izan Israelgo estatua ideologikoki babestuz. Estatu espainiarreko gobernua ere ez da salbuespena. Alderdi Sozialistak (PSOE), alderdi europeista izaki, ez du korronte hegemonikotik aldentzeko saiakera txikiena ere egingo eta, hortaz, modu batera edo bestera Israelen genozidioa babesten jarraituko du. Zer gertatzen da, baina, 'bloke progresista' osatzen duten alderdiekin? Ez al dute marra gorririk jartzeko asmorik?
Adierazgarria da historikoki Palestina gehien babestu duten sektore politikoak basakeria honen aurrean erakusten ari diren epeltasun eta diskurtso otzana. Nola esango diegu euren bizitza jokoan jarri duten palestinarrei elkarrizketa dela bidea? Nola haien herrialdea sozialki eta nazionalki esplotatua, bonbaz lehertua eta birrindua izaten ari den momentuan? Egunero bataz beste 3 palestinar hiltzen ditu Israelgo estatu hiltzaileak, nola ez dute ba beren burua defendatuko? Palestinak ez du inbestidura balio?
Bada garaia keinuetatik haratago joan eta, Israelgo estatu hiltzailea zuritu eta armaz hornitzen dituztenen aurka borrokatzeko. Fartsa horretatik kanpo antolatzeko garaia dugu. Horregatik, gaur 19:00etan Gudarien Plazan egingo den kontzentraziora batu!