Bihar goizean hasiko dira Hernani Burujabek eta Udalbiltzak antolatutako 'Burujabetzak' jardunaldiak

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 18a, 00:00

Antolatzaileen argazkia, jardunaldien aurkezpen prentsaurrekoan.

Burujabetza prozesuei buruz hausnartuko dute biharko eta etziko saioetan. Larunbatean Burujabetzen Eguna ospatuko dute.

Bihar ekingo diote Hernani Burujabeko eta Udalbiltzako kideek 'Burujabetzak' jardunaldien baitan antolatutako egitarauari. Hitzaldiak eta mahai inguruak izango dira bihar eta etzi, eta Xabier Lertxundi Hernaniko alkatearen harrerarekin hasiko dute zikloa. Jardunaldien aurkezpenean, Lertxundik nabarmendu zuen «Hernanitik egiten dugun proposamena beste zenbait herrietarako ere aproposa izan daitekeela», eta bide horretatik egingo du ongi etorri hitzaldia. 

Sarreraren ondoren, udaletxeetatik eragiteko aukerei buruz arituko dira bihar goizean. Udalgintzatik burujabetzara eta Elkarlan publiko kooperatibo herritarra: udaletatik eragiteko mugak eta aukerak izenburupean garatuko dituzte hitzaldiak. Arratsaldean, berriz, Jule Goikoetxeak, Glenna Del Valle Cabellok eta Mireia Vehík egungo testuinguruan burujabetzak aldarrikatzeari buruzko solasaldia eskainiko dute.

Ostiraleko saioetan, Hernani Burujabek mahaigaineratutako helburu bat izango dute hizpide: proiektuen arteko saretzea. Burujabetza prozesuak abiatu dituzten lau sektore elkartuko dituzte; elikadura, hezkuntza, zaintza eta lana. Horrela, sektore bakoitzaren erronkak eta proiektuen arteko zeharlerroak identifikatzen saiatuko dira. Arra­tsaldeko mahai inguruan, Eus­kal Herriko proiektuetako kideek hartuko dute hitza, esperientziak elkarbanatzeko.

 

Burujabetzen Eguna, larunbatean

Jardunaldiekin hasitakoa borobiltzeko, Burujabetzen Eguna antolatu dute Bidea Herritar Tal­deko kideek, larunbaterako. Goizeko 11:30etan kalejira kulturala egingo dute herriko erdigunean zehar, eta 14:30etan bazkaria antolatu dute udaletxeko arkupeetan, Karenak girotutako bazkalostearekin.

Bazkarirako txartelak gaur arte daude salgai.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!