Gipuzkoako II. Alboka Topaketa hartuko du Hernanik asteburuan, askotariko ekintzekin

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 18a, 00:00

2019an antolatu zen azkeneko aldiz Alboka Topaketa Hernanin.

Ostiralean Adar taldeak kontzertua eskainiko du Biterin, eta larunbatean ospatuko dute topaketaren egun haundia. 

Albokazale elkarteak antolatuta, II. Gipuzkoako Alboka Topaketa antolatu dute Hernanin. Asteburu honetan izango da topaketa, eta egitarau oparoa ondu dute albokarekin lotutako jarduerekin gozatzeko. 

Hasteko, ostiralean Adar taldeak kontzertua eskainiko du Biteri Kultur Etxean. Arratsaldeko 19:30etan hasiko da musika emanaldia, eta larunbateko egun haundiaren preludioa izango da. 

Izan ere, larunbatean iritsi­ko dira albokari gehienak Hernanira. Goizean hasiko dira mo­torrak berotzen, eta 11:30etan jarri dute hitzordua, albokariak, panderojoleak eta albokazaleak elkartzeko. Hernaniko udaletxeko arkupeetan bilduko dira kide guztiak, eta Kaxkoan barrena ibiliko dira ondoren, kale eta txoko guztiak musikarekin betetzen. Eguerdiko 13:00etatik aurrera, alboka musika saioak eta albokaren inguruko postuak ere izango dira Plaza Berrin. 

Lanak ondo beteta, indarrak hartzeko ordua iritsiko zaie ondoren, 14:30ak aldera. Herri Bazkaria egingo dute Santa Barbara elkartean, eta sabelak bapo bete ondoren, azken kalejira egingo dute 18:00etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!