'Aftersun' filmak irekiko du bihar zineklubaren lehenengo saioa

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 17a, 00:00

Biterin 19:00etan hasiko da emanaldia, doan, eta bertsio originalean eskainiko da pelikula, euskerazko edo gaztelaniazko azpitituluekin.

Bihar hasiko du bere ibilbidea Hernani Zineklubak, Aftersun filmaren emanaldiarekin, arratsaldeko 19:00etan Biterin. Doakoa izango da aurreneko saioa, egitasmoaren aurkezpen gisa; eta gonbidapenak eskuragarri daude kultura.hernani.eus webgunean. Hurrengo saioetan 3 euro ordaindu beharko da.

Andrés Daniel Sainz Hernando eta Gaizka Izagirre Brosa dira Zineklubaren sortzaileak. Zinegilea bata, zine kritikaria bestea; baina aitortu dutenez, pelikulak ikustea dute biek gustukoen, eta hori konpartitu nahi dute hernaniarrekin, ikasturte be­rrian: «Bi­on ideia batetik abiatuta, be­hingoz errealitate izango da Zinekluba, Hernaniko Udalaren laguntzari esker. 

Helburu nagusia da zinemazaletasuna sustatzea Hernanin, eta zinemaren aitzakiarekin, bide batez, kultura indartzea. Ez dugu bilatu soilik pelikulak proiektatzea, baizik eta horren inguruan sortu daitezkeen elkarrizketak eta solasaldiak sustatzea. Filmen zu­zendariak eta aktoreak ere ekarriko ditugu, edota pelikulek jorratutako gaietan adituak diren pertsonak, gai horien gainean aritzeko», azaldu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!