Boleibol taldeen denboraldia, hastear

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 17a, 00:00

Gipuzkoako Txapelketetan lehiatuko dute Hernaniko talde guztiek.

Aldaketa askorekin, asteburu honetan ekingo diote ligari Hernaniko boleibol taldeek.

Aurredenboraldiko prestaketa lanak amaituta, aste honetan ekingo diote ligari Hernani Kirol Elkarteko boleibol taldeek. Aldaketa ugari izan dira klubeko egituran, eta beheko taldeen aldeko apustua egin dute zuzendaritzatik: «Beraz, goi mailako taldeak izan dira kaltetuak», azaldu dute. 

Aurtengo denboraldian 11 talde izango ditu Hernanik. Horietatik 8 emakumezkoen taldeak izango dira, 2 infantiletan, 3 kadeteetan, 2 jubeniletan eta 1 seniorretan. Gizonezkoen kasuan, talde bana izango du Hernanik infantiletan, kadeteetan eta jubeniletan. Aurtengo aldaketa esanguratsuena da talde guztiek Gipuzkoako Txapelketetan hartuko dutela parte, eta ez dela Euskal Ligako talderik izango.

Kirol arloaz gain, zenbait arazo dituztela adierazi dute klubetik: «Beharrak ere badaude, eta, beti bezala, nagusienetakoa arlo ekonomikoa da, honek asko baldintzatzen du eguneroko lana eta etorkizuna. Beste arlo garrantzitsua antolatzeko espazio fisikoaren gabezia da». 

Boleibol Eskolan izena emateko epea, zabalik

2012an eta 2013an jaiotako neska mutilek parte hartu ahal izango dute Boleibol Eskolan. Ostiraletan izango dira saioak, 16:45etatik 18:00etara, Hernaniko Institutuko gimnasioan. Klubetik jakinarazi dute izena boleibolahernanike@gmail.com helbidean eman behar dela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!