Euskal Herriak mendean hartu zuen Austria, Jauregiko sega desafio euritsuan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 17a, 00:00

Etxeko segalariek nagusitasunez irabazi zieten austriarrei. 3.320 kilo pilatu zituen Euskal Herriak eta 3.161,5 Austriak. Proba guztian zehar euria egin zuen arren, herritar dexente bertaratu ziren Jauregiko belardira. 

Larunbat arratsaldean jokatu zuten Euskal Herriaren eta Austriaren arteko sega desafioa, Hernaniko Jauregi jatetxeko belardian. Punta puntako lau segalari aritu ziren bertan, eta ordubeteko lana osatu zuten arratsalde euritsuan. Belardia hainbeste bustitzeak proba baldintzatu zuen, belarra ebakitzea errazagoa izan zen parte hartzaileentzat, eta moztutakoaren pisua ere haundiagoa izan zen. 

Ikurriña haundi batekin iritsi ziren Euskal Herriko ordezkariak. Jakina zen austriarrak lan motzagoetan emaitza bikainak zituztela, eta haiei neurria hartzeko gogoz ekin zioten sega desafioari. Emakumezkoak izan ziren lanean hasten lehenengoak; Alaitz Imaz eta Luixa Uzkudun ziren etxeko segalariak, eta Gerti Barnthale eta Viktoria Fritz austriarren aurka aritu ziren. Guztira 20 minutuko proba osatu behar zuten emakumezkoek, eta erreleboka egin zuten lana, maila bat ebaki eta kideari txanda emanez. Lehenengo minutuetan austriarrak hobeto hasi ziren, baina denborak aurrera egin ahala berdindu egin zen desafioa. 

Arratsaldeko lan luzeena gizonezkoek osatu zuten, 40 minutuko probarekin. Euskal Herriko Oier Urkolak eta Mikel Lizartzak Austriako Franz Erbschwendtner eta Hames Loiperdinger izan zituzten aurrez aurre. Hauek ere erreleboka aritu ziren, mailaz maila, eta bigarren saio horrekin amaitu zen desafioa. 

Zenbaketako emaitzek agerian utzi zuten Euskal Herriko segalarien nagusitasuna; izan ere, Imazek, Uzkudunek, Urkolak eta Lizartzak 3.320 kilo pilatzea lortu zuten. Aldiz, Barnthalek, Fritzek, Erbschwendtnerrek eta Loiperdingerrek 3.161,5 kilo ebaki zituzten. 

Eguraldi txarra ez zen traba izan bertaratu ziren herritarrentzat. Bertako taldetxo bat Austriako segalariei laguntza eskaintzen aritu zen, eta zale dexente inguratu ziren desafioaz gozatzera. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!