Gaur zortzi, Karabelen oztopo lasterketa antolatu du auzo elkarteak

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 15a, 00:00

Guztira zazpi kilometroko zirkuito bat izango da eta Ibilbidean zehar parte hartzaileek 15 oztopo gainditu beharko dituzte.

Gaur zortzi, urriaren 22an, goizeko 11:00etan, Hernaniko Karabel auzoan oztopo lasterketa antolatuko du Belkara auzo elkarteak. Guztira zazpi kilometroko zirkuito bat prestatu dute eta ibilbidean zehar parte hartzaileek 15 oztopo gainditu beharko dituzte helmugara iritsi aurretik. Lehenengo edizioa izango da eta antolatzera animatu dira modalitate honek azken aldian izan duen hazkundeagatik.

Irteera eta helmuga Belkara auzo elkartea dagoen Oleta plazatik izango da eta hor bertan, tirolinako parke ondoan, txikientzat ere beste zirkuito bat egongo da. Txikien ibilbidea 12:00etan hasiko da, behin haundien txanda bukatuta. 

Belkaratik azpimarratu nahi dute karrera herrikoia izango dela, ez dela kategoria eliterik izango eta kirola gustuko duen edonork parte hartu dezakela mozorro eta guzti, mozorro hoberenarentzat ere saria egongo baita. Izena ematea aurrez egitea gomendatzen dute Belkaraae@gmail.com-era idatziz, bertan erreztuko diete izen ematen orria eta parte hartzeko jarraibideak.

 

Denontzaten laguntza

Dena behar bezala irten dadin Denontzat taldearen laguntza izango du Belkarak. 08:30etatik 10:30etara dortsalak banatuko dira Belakararen egoitzan (Oleta, 23). 10:30etan elkartuko dira irteera lekuan ibilbidea azaltzeko eta behin helmugara iritsita partaide guztiek edaria eta pintxoa jasotzeko ticketa jasoko dute. 13:00etan banatuko dira lehenengo hiru sailkatuentzat sariak eta mozorro onenaren saria. 

Egunean bertan izena emanez gero 20 euro ordaindu behar da eta urriaren 21era arte egiten duenak 15 euro ordainduko du. 5-10 urte bitarteko haurrek ez dute ordainduko. 11-14 urte bitartekoek heldu batekin egin beharko dute ibilbidea eta 15-17 urtekoek bakarrik egin dezakete ibilbidea, baina sinatutako baimena beharko dute. Antolatzaileek kontu zenbaki bat jarri dute ordaintzeko eta auzo elkartean bertan esku dirutan ordaindu daiteke. Doako parking-a egongo da inguruetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!