Iñigo Legorburuk irabazi du I. Krelia Vitoria-Negrasteiz ipuin lehiaketa

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 15a, 00:00

Legorburu, gaztelaniazko Adrian Martin irabazlearekin batera.

Euskerazko atalean lortu du saria genero beltza ardatz duen sariketan eta J.J. Abasolo omendu du.

Iñigo Legorburuk, Gibeletik ipuinarekin, I. Krelia Vitoria-Negrasteiz lehiaketako lehenengo saria irabazi du euskerazko atalean. Euskerazkoetan sari bakarra zegoen, gaztelaniazkoetan hiru sari zeuden bitartean. Gaztelaniazkoetan Portugaleteko Adrian Martin nagusitu da La casa sobre el motel lanarekin eta bigarren eta hirugarren sariak, Sevillako eta Logroñoko idazleek lortu dute.

Legorbururen hitzetan, «hunkigarria da genero beltzaren lehiaketa hau irabaztea, batez ere umore beltzeko ipuin xelebre honekin. Izan ere, ez dira asko Euskal Herri mailan ospatzen diren halako lehiaketak eta ohore bat da lehenengo edizioa irabazi izana». Hala, Legorburuk istorioa hitz gutxitan azaldu du: «Mendeku istorio bat da finean, non biktima izan zena borrero izatera pasatzen den. Garai batean, protagonista prostituziora eta drogetara bultzatu zuen bere nagusi hura hiltzen saiatuko da, izan ere HIES-a garatu du protagonistak eta ez dauka ezer ere galtzekorik bizitzan. Baina protagonista jada ez da garai bateko emakumea, transitoa egin eta egun gizonezkoa delako. Eta harreman sexualen bidez lortuko dio HIESa kutsatzea garai bateko bere borreroari».

Eta trama guzti hau gidatzen Legorburuk Jose Javier Abasolo idazle zendu berria jarri zuen, izan ere «laguna nuelako eta iazko maiatzean hil zelako. Harreman polita nuen berarekin, gizon umoretsua eta jakituna zelako; idazle haundi bat zelako nobela beltz asko idatzitakoa».

Sari banaketaren ostean, Kai Nakai artista gasteiztarraren ikuskizunak argitu zuen genero beltzaren asteburua, bertaratu zirenen gozamenerako. Legorburuk 400 euroko saria eskuratu zuen eta jaialdiaren maskota protagonista duen Poe katuaren egurrezko oroigarria.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!