Errugbiaren bitartez inklusioaren alde egiten duen lanean, beste pauso bat eman nahi izan du Hernaniko Errugbi Elkarteak; eta bide horretan, Inklusio Bultzada bertso jaialdia antolatu du, Harituzekin elkarlanean. Tolosako Leidor aretoan egingo dute saioa, urriaren 29an, eguerdiko 12:00etan hasita. Punta-puntako bertsolariak arituko dira kantuan bertan: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal, Beñat Gaztelumendi, Joanes Illarregi eta Jexux Mari Irazu. Gai-jartzaile lanetan, berriz, Unai Elizasu ariko da.
Saioaren helburu nagusia da, «aniztasun funtzionala duten pertsonek gizarteratzeko dituzten trabak azaleratzea». Horretarako, «urritasunen bat duten pertsonen, haien senideen edota esparru horretan lanean dabiltzan profesionalen larruan» jarriko dira bertsolariak. Saioan jorratuko dituzten gaiak prestatzeko, «ezinbestekoa» izan da «Gipuzkoa mailan aniztasun funtzionalaren inguruan lan egiten duten erakundeen laguntza», Hernani CREk azaldu duenez. Hain juxtu, Gautena, Pausoka Elkartea, Atzegi, Marea Urdina, Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioa eta Uliazpiko erabiltzaileen, senitartekoen eta profesionalen bizipen pertsonaletatik ateratakoak dira gaiak.
Sarrerak dagoeneko salgai daude, 12 euroan, helbide honetan: labur.eus/qvWMA.