Goiz Eguzki abesbatzak kontzertua, Zorroagan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 14a, 00:00

Goiz Eguzki abesbatzako kideak, aurreneko emanaldi batean.

Matadepera eta Cum Jubilo abesbatzekin batera ariko da gaur, 17:30etan, Zorroaga egoitzako kaperan.

Abesbatzen arteko elkartrukearekin jarraituz, kontzertu berezia eskainiko du Goiz Eguzki abesbatzak, gaur arratsaldean. Donostian ariko da, Zorroaga egoitzako kaperan, arratsaldeko 17:30etan hasita. Elkartrukea izanik, noski, ez dira bakarrik ariko hernaniarrak: Donostiako Orfeoiaren Cum Jubilo abesbatza eta Kataluniako Matadepera abesbatza ere izango dira bertan, kontzertua elkarrekin eskaintzeko.

Joan den urtearen bukaeran eskaini zuten beste emanaldi bat Hernanin, Goiz Eguzkik eta Cum Jubilok. San Joan Bataiatzailea parrokian izan zen hura, azaroaren 12an. Haren 'bueltakoa' da gaur eskainiko dutena, eta Matadepera batu zaie oraingoan, Kataluniatik etorrita.

Hurrengo emanaldia, Oiartzunen izango du Goiz Eguzkik, urtero AGIJUPENS elkarteak antolatzen duen jaialdian hartuko baitu parte, urte bukaeran.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!