Euskal Herriaren eta Austriaren arteko sega desafioa jokatuko dute gaur, Jauregi jatetxeko belardian

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 14a, 00:00

Mikel Lizartza eta Luixa Uzkudun.

Emakumezkoetan Luixa Uzkudun eta Alaitz Imaz Viktoria Fritzen eta Gerti Bärnthalerren aurka arituko dira, eta gizonezkoetan Mikel Lizartzak eta Oier Urkolak Franz Erbschwendtner eta Hannes Loiperdinger izango dituzte aurkari. 

Gaur jokatuko dute Euskal Herriaren eta Austriaren arteko sega desafioa, Hernaniko Jauregi jatetxeko belardian, arratsaldeko 17:00etan hasita. Maila haundiko kirolariak izango dira aurrez aurre, eta proba lehiatua izango dela aurreikusten dute.

Bertako segalarientzat aurkari gogorrak izango dira austriarrak. Europako Sega Txapelketako kategoria guztietan eskuratu dituzte garaipenak; eta gaurkoan euskal sega modalitatean lortu nahiko dute. Talde bakoitzak bi bikote izango ditu; hasteko, bi emakumek osatutako austriar eta euskal herritar bikoteak jardungo dira, 20 minutuko lana osatu arte. Euskal Herriko emakumezkoen bikotea Luixa Uzkudunek eta Alaitz Imazek osatuko dute, eta Austriako Viktoria Fritz eta Gerti Bärnthaler izango dira haien aurkariak.

Emakumezkoek bukatu orduko, 40 minutuko proba egin beharko dute gizonezkoen bi bikoteek. Proba horretan Mikel Lizartzak eta Oier Urkolak ordezkatuko dute Euskal Herria, eta Franz Erbschwendtner eta Hannes Loiperdinger izango dituzte aurrean. Denbora bukatzen denan belar kilo gehien pilatu dituen nazioak irabaziko du desafioa.

Aurrekarien arabera, lan luzean euskaldunak dira faborito, Europako Txapelketan lan motzean aritzen baitira. Giro ederra izango da arratsaldean, eta jende dexente bertaratzea espero da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!