Alokairurako dirulaguntza eskatzeko epea, ixtear

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 13a, 00:00

Gaur bertan amaituko da dirulaguntza hau eskatzeko epea. Udalak 186.000 euroko partida bideratu du laguntza hauetara.

Ixtear da etxebizitzak alokairuan hartzeko dirulaguntza eskatzeko epea, gaur bertan amaituko baita eskaera egiteko tartea. Hernaniko Udalak 186.000 euroko partida bideratuko du dirulaguntza hau eskaintzeko, eta bi zatitan banatuta emango dituzte: 93.000 euro 18-35 urte bitarteko pertsonentzat eta 93.000 euro 36 urtetik gorako pertsonentzat.

Dirulaguntza honek bi helburu dituela azaldu du Hernaniko Udalak: «Bereziki pertsona gazteei laguntzea euren emantzipazio bidean, eta, modu orokorrean, herrian alokairuko etxebizitza eskuratzea erraztea».

Oinarriei dagokienez, Hernanin alokairuan bizi diren 18 urtetik aurrerako pertsonei zuzendutako deialdia da, eta honakoak dira bete beharreko baldintzak: Hernanin erroldatuta egotea 6 hilabeteko antzinatasunarekin, alokairuaren errenta gehienez hilean 750 eurokoa izatea, helburu berarekin ematen diren beste dirulaguntzarik ez jasotzea, eta diru-sarreren mugak errespetatzea (bakarka 28.000 euro garbi urtean; kide bat baino gehiago 39.000 euro garbi urtean).

Eskaera orriak Hernaniko Udalaren webgunean edo HHZn eskuratu daitezke.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!