'Bizilagunak' ekimena datorren azaroaren 19an ospatuko da

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 12a, 00:00

Bazkari baten bueltan elkartuko dira bertakoak eta bertara iritsitakoak, horixe baita ekimenaren helburua. Izena emateko epea zabaldu dute. 

Orain arteko martxa jarraituta, bueltan da, aurten ere, Bizilagunak egitasmoa. Ekimena azaroaren 19an ospatuko da, eta aurreko urteen antzera, mahai­a­ren bueltan bilduko dira bertakoak eta bertara iritsitakoak, elkarrekin bazkaltzeko. Burun­tzal­dean ez ezik, Gipuzkoa oso­an (Tolosaldean, Goierrin, Bidasoaldean, Urola Kostan...) izango da ekintza, eta parte hartzeko deia eta gonbitea luzatu dute egitasmoko antolatzaileek.

Aurtengoan, Mahai istorioak leloa erabiliko da, bertako familia bat eta migratzaile bat mahai baten inguruan elkartuz. Bi kultura hurbilduko dira, elkar ezagutuz, estereotipoak eta aurreiritziak gaindituz. Bazkaria, parte hartuko duten familietako baten etxean egingo da. Familia bakoitzak erabakiko du bere etxea eskainiko duen edo beste baten etxera joan nahi duen. Horrez gain, bazkari bakoitzean dinamizatzaile moduan parte hartzeko aukera ere izango da, bazkaria antolatzen lagunduko duena.

Gogoan izan 'familia' izan daitekeela pisukide, lagun edota kuadrila. Izena emateko, hainbat aukera daude: https://sosracismogipuzkoa.org/bizilagunak/ webgunea erabili daiteke; telefonoz 650 294 390 zenbakian ere eman daiteke izena, WhatsAppera idatziz edo zenbakira deituz; eta aurrez aurre ere egin daiteke, Amher elkartearen bulegoan, Kulturarteko Plaza Feministan (Florida Auzoa 28, Hernani).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!