Hernaniko Xake Txapelketa herrikoia jokatuko da igande arratsaldetan Kixkalen, urritik abendura

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 12a, 00:00

Guztira bost jardunaldi jokatuko dira: urriaren 29an, eta azaroaren 5ean, 12an, 19an eta 26an. Finalak abenduaren 3an jokatuko dira.

Hernaniko Xake Txapelketa herrikoia bueltan da, eta igandero jokatuko da, Kixkal tabernan, arratsaldeko 16:00etan hasita. Joko sistema suitzarra erabiliko da (maila berekoek, puntu berberak dituztenek, elkarren artean jokatuko dute) ligaxkan, finalerdiak jokatuko dituzten lau jokalariak erabakitzeko. Guztira bost jardunaldi jokatuko dira ligaxkan, bosna partida: urriaren 29an, eta azaroaren 5ean, 12an, 19an eta 26an. Finalak abenduaren 3an izango dira.

Jokalari bakoitzak ordubete izango du partida jokatzeko.Bi jokalariak ados jarriz gero, astean zehar jokatzeko aukera izango dute, eta iganderako antolatzaileei emaitza jakinarazi, xakekiskal@gmail.com helbidean edota 685 369 952 telefonoan.

Atseden egun bat hartzeko aukera izango du partehartzaile bakoitzak: aurreko astean (igandea baino lehen) eskatu beharko da, eta puntu erdia eskuratuko da, jokatu gabe. Hori bai, azkeneko bi jardunaldietan ezingo da atsedenik hartu. Sariak izango dira lehenengoentzat, herriko onenentzat, eta baita adinaren araberako onenentzat ere.

 

Izena eman behar da urriaren 22a baino lehen

Izena emateko epea zabalik dago, eta 685 369 952 telefono zenbakira deitu behar da, edo xakekiskal@gmail.com helbide elektronikora idatzi, urriaren 22a baino lehen.

5 euro ordainduko dira, lehenengo jardunaldian (langabetuek, ikasleek, 18 urtetik beherakoek eta 65etik gorakoek, doan). Apuntatzeko, izena eta telefono zenbakia edo helbide elektronikoa eman beharko dira.

Abendura bitarteko igandeetan, badute plana xake zaleek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!