Euskal Herria Austriaren aurka, Jauregin

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 12a, 00:00

Oier Urkola eta Alaitz Imaz, Euskal Herriko ordezkarietako bi.

Sega desafioa jokatuko dute etzi, 17:00etan hasita. Euskal Herriko ordezkariak Alaitz Imaz eta Luixa Uzkudun izango dira nesketan, eta Oier Urkola eta Mikel Lizartza gizonezkoetan.

Etzi, urriaren 14an, Euskal Herriaren eta Austriaren arteko sega desafioa jokatuko da Hernaniko Jauregi jatetxearen belardian, arratsaldeko 17:00etan.

Austriarrek Europako sega Txapelketako kategoria guztietan lortu dituzte garaipenak, eta Euskal Herrira etorriko dira orain, euskal sega modalitatean lehiatzera (kilotara). Bikotekako lehia izango da: lehenik, bi emakumek osatutako austriar bikotea, euskal emakumeek osatutako bikotearen aurka ariko da, 20 minutuko lehian. Ondoren, bi gizonezko austriar beste bi euskaldunen aurka ariko dira, 40 minutuko lanean. Belar guztia bildu eta, nazio bakoitzeko bikoteek moztutakoa batuta, belar kilorik gehien ebaki duen nazioa izango da desafioaren irabazle.

 

Mikel Lizartza eta Luixa Uzkudun, Jauregin.
 

Emaku­me­en lehian, Euskal Herriko ordezkariak izango dira Leaburuko Luixa Uzkudun eta Hernialdeko Alaitz Imaz. Aurrez aurre izango dituzte Viktoria Fritz eta Gerti Bärnthaler. Gizonezkoetan, berriz, Mikel Lizartza tolosarra eta Oier Urkola anoetarra izango dira Euskal Herriko ordezkariak, eta aurkariak, berriz, Franz Erbschwendtner eta Hannes Loiperdinger.

Lan luzean euskaldunak di­ra faborito, Europako Txapelke­ta lan motzean jokatzen baita. Aurtengoa Eslovakian izan da, eta euskaldunen artean Imazek lortu zuen posturik onena, zazpigarren sailkatuta. 

2010ean ere izan zen desafioa, bi herrialderen artean. Orduan, Bixente Mitxe­lena eta Jexux Mari Goenaga aritu ziren, Alexan­der Sch­mit eta Stefan Heinz ale­mani­arren aurka, eta bakoitza ordu erdiz ari­tu zen lanean. Bikote euskaldunak 2.053,50 kilo belar ebaki zituen. Bikote alemaniarrak, berriz,  1.850,50 kilo. 6.000 euro jokatu zituzten, eta 300 bat ikusle bildu ziren Jauregin. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!