Pentsamendu feminista gogoetagai Kulturateko Plaza Feministan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 11a, 00:00

Leire Milikuaren 'Lur gainean, itzal azpian' liburua izango da aztergai.

Hiru hilabetetan hiru saio eta irakurgai izango dira urriaren 25ean, azaroaren 22an eta abenduaren 20an.

Pentsamendu feminista bizi-bizi ari da garatzen azken hamarkadan, eta ugaritu egin dira euskal kulturan pentsamendu feministak garatzen dituzten saiakerak. Honela, gogoetarako eta trukerako espazio bat sortuko dute Pentsamendu feminista gogoetagai irakurle taldean, eta azken aldiko pentsamendu feminista batzuek sorturiko galderak, kezkak, giltzarriak eta diskurtsoak izango dituzte eztabaidagai. 

«Trukerako gune bat sortzea izango dugu helburu, pentsamendu kolektiboa sustatzeko, eta euskal imajinarioari zein euskal kulturari buruzko pentsamendu kritiko-feminista garatzeko asmoz, eta horretarako, saiakeretan garaturiko ideiak edo gogoeta-ildoak kultura testuekin (kantuak, literatura, zinea…) elkarrizketan jarriko ditugu», diote antolatzaileek.

Kulturarteko Plaza Feministan antolatu dituzte saioak eta irakurgaiak urritik abendura arte. Hiru saio izango dira guztira eta dinamizatzailea Iratxe Retolaza izango da. Lehenengo saioa urriaren 25ean, asteazkenean, izango da eta Leire Milikua Larramendiren Lur gainean, itzal azpian: emakume nekazariak eta parte hartzea lana aztertuko da.

Bigarren saioa azaroaren 22an, asteazkenean, gidatuko du Iratxe Retolazak eta Marina Sagastizabalen Hiruki gatazkatsua irakurri eta aztertuko da. 

Urtea amaitzeko, azken saioa abenduaren 20an, asteazkenean, izango da. Eva Perez-Pons idazlearen Erresistentziarako gorputzak: bollerak liburua eramango dute gogoetarako, Kulturarteko Plaza Feministara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!