«Merkataritza-lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantza aldatu behar da»

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 10a, 00:00

EAJk berriz proposatu dio EH Bilduri ordenantza adatzea. «2020an eskatu genuen etxebizitza babestuen parkea haunditzeko».

EAJk berriro proposatu dio EH Bilduri merkataritza-lokaletan etxebizitzen erabilera arautzen duen ordenantza aldatzea. EAJ-PNVk gogorarazi du 2020an eskatu zutela ordenantzan jarduteko eta, horrela, etxebizitza babestuen parkea haunditzeko.

«Deigarria da, Hernanin etxebizitza sozialen kopurua haunditzeko beharraz jabetuta, udal gobernu taldeak jardun ez izana. Gainera, iraileko osoko bilkuran, Kaleratzeak Stop elkarteak aurkeztutako mozio bat onartu zen. Mozio horretan, Udalari eskatzen zitzaion Eusko Jaurlaritzari eska ziezaiola Hernani etxebizitzaren tentsiopeko eremutzat har zezala, baina udalak har zitzakeen neurriei buruzko aipamenik ez». Amonarraizek adierazi duenez.

«Eusko Jaurlaritzak du etxebizitzaren gaineko eskumena, baina Udalak gauza asko egin ditzake: proposatu dugun ordenantza aldatu; gure herrian etxebizitzen eraikuntza arautzen duen jarduketa-programa aldatu; etxebizitza publikoak eraikitzeko lurzorua erosi (lurzoru urbanizaezina erosten den bezala); eta abar».  EAJ-PNVko bozeramaileak azaldu nahi izan duenez.
Bozeramaile jeltzalearen esanetan, «hainbat hirigintza-dokumentu aldatzea proposatu dugu berriro, gaur egun posible ez den lokaletan etxebizitza sozialak eraiki ahal izateko. Gainera, prentsa-ohar honetan beste jarduera-ildo batzuk azaltzen ditugu, etorkizun hurbilagoan Hernanin etxebizitza libre eta babestu gehiago eraiki ahal izateko». 
Amaitzeko, Amonarraizek azpimarratu nahi izan du «Hernanin etxebizitzen eraikuntza gelditu egin dela AMRren etxebizitza sozialen ingurune osoa ondo kudeatu ez duelako eta jarduketa-programan esku hartu ez duelako. Konfiantza haundia dugu hirigintza saileko talde tekniko berrian eta ziur gaude gure herriaren egoera aldatu egingo dela».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!