Sergio Roman eta Jon Ander Olazabal bikain, 3 Hondartzetako Krosean

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 10a, 00:00

11garren eta 19garren sailkatu ziren bi hernaniarrak, hurrenez hurren, Donostiako lasterketa jendetsuan.

Joan den igandean jokatu zen, Donostian, Gipuzkoako herri lasterketa jendetsuenetako bat: 3 Hondartzetako Krosa. Guztira, 3.224 lagunek hartu zuten parte, 10 kilometroko ibilbidean; eta tartean izan ziren Urumea bailarako asko, baita aurreneko postuetan ere. Sergio Roman hernaniarrak 11garren bukatu zuen, 32:47 denborarekin; eta 19garren izan zen Jon Ander Olazabal herrikidea, 33:21 denbora eginda.

Denbora bikainak lortu zituzten beste hainbat hernaniarrek ere; Agerre taldeko Jon Muruak (35:10) eta Ane Lopez de Arregik (43:48), esaterako.

Ekain Nogueira zazpigarren, Flysch Traileko proba motzean

Asfaltoan bakarrik ez, mendi lasterketetan ere aritu dira bailarako korrikalariak, asteburu honetan. Zumaian aritu ziren lau lagun, Flysch Trail lasterketan, bi distantziatan. Eta proba motzean (14 kilometro), zazpigarren sailkatu zen Ekain Nogueira hernaniarra, 1:10:30 denborarekin. Ainhoa Mutiloa herrikideak ere osatu zuen 14 kilometroko lasterketa, 66garren sailkatuta, 2:05:55 denborarekin.

Proba luzean (22 kilometro), berriz, 29garren sailkatu zen Carol Castellanos astigartarra, 2:55:13 denborarekin. Joseba Hernandorena hernaniarrak 3:39:27 denboran bukatu zuen proba.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!