Ligako bigarren partidua irabazi zuen igandean Hernanik, etxetik kanpo, Real Oviedoren aurka

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 10a, 00:00

Hernaniren 2023-2024 denboraldiko aurreneko jardunaldia Landaren, Getxoren aurka.

9-46ko garaipena lortu zuen Hernaniko Ohorezko B Mailako taldeak, igandean, Real Oviedoren aurkako partiduan, El Narancon. 23 urtez azpikoek, aldiz porrota jaso zuten, Goierri taldearen aurka (73-12), Altamiran.

Igandean jokatu zuen Hernanik Ohorezko B Mailako bigarren partidua, Asturiasen. El Naranco zelaian jokatu zuten trikoloreek Real Oviedo taldearen aurka eta sekulako garaipena lortu zuten hernaniarrek: 9-46. Hernanik ederki hasi du denboraldia, aurreneko jardunaldian Getxo garaituta, eta hasierari segida eman diote, igandean Real Oviedo menderatuta. Trikoloreek bost puntu lortu zituzten igandean, eta une honetan, hirugarren postuan doaz, 9 punturekin.

Igandeko norgehiagoka, Oviedoren aldeko zigor kolpearekin hasi bazen ere, Xabier Lukasen ensaioarekin eta Beñat Arizetaren jaurtiketarekin, aurretik jarri zen Hernani hasieratik: 3-7. Aurreneko zatian, Oviedok beste sei puntu lortu zituen, bi zigor kolpearekin, baina ez zuen lortu Hernaniri aurrera hartzea. Izan ere, Hernanik 10 puntu lortu zituen (9-17) Beñat Arizetaren zigor kolpearekin, Aimar Gorrotxategiren ensaioarekin eta Arizetaren jaurtiketarekin.

Aurreneko zatia amaituta, atsedenaldiaren ostean, bigarren zatian sekulako erakustaldia eskaini zuten trikoloreek.  50garren minutuan, 3 puntu lortu zituzten Hernaniko gazteek Arizetaren zigor kolpeari esker, eta 56 minutuan Jokin Olanoren ensaioarekin markagailuan 5 puntu gehitzea lortu zuten: 9-25. 

Bide beretik jarraitu zuen Hernanik, izan ere, zelai erdiko ostikoaren ostean Kepa Mijangos eta Anartz Elosegiren jokaldi ederrak entsegu berria ekarri zien (9-32). 66garren minutuan, berriz, Joseba Diaz de Mendibil harrobiko gazteak ensaioarekin eta Arizetaren jaurtiketarekin, 9-39  jarri zen Hernani. Azken minutuetan, Mijanos kapitainak, bigarren ensaioa lortu zuen jokaldi azkar batean, eta Arizetaren jaurtiketarekin, 9-46ko garaipenarekin itzuli ziren trikoloreak etxera. 

23 urtez azpikoek, porrota

Larunbatean jokatu zuten 23 urtez azpikoek aurreneko jardunaldia, Altamiran, Moyua Goierri taldearen aurka eta 73-12 galdu zuten Hernaniko gazteek. Euskal Ligan berriz, 18 urtez azpikoek, 24-10 garaipena lortu zuten; eta 16 urtez azpikoek, ere Getxoren aurka neurtu zituzten indarrak Landaren, baina 43-05 galdu zuten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!