Aldabe-Juanenea eta Ezkurra II-Martirena bikoteak nagusitu ziren Izarraitzen, Azpeitiako Txapelketako lehenengo jardunaldian

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 10a, 00:00
Nagusitasunez irabazi zuten Aldabek eta Juaneneak.

Aldabek eta Juaneneak nagusitasunez irabazi zieten Gurrutxagari eta Larrañagari, 15-9 eta 15-6 emaitzekin. Ezkurra II.k eta Martirenak ere hutsean utzi zituzten Urriza eta Apezetxea, 11-15 eta 14-15 irabazita.

Ostiralean jokatu zuten, Izarraitz pelotalekuan, Azpeitiako Erremonte Txapelketako lehenengo jardunaldia. Etxeko pelotariak ez ziren nahi bezain fin aritu, eta bikote nafarrek lortu zituzten garaipenak. Giro ederra sortu zen Izarraitzen. 

Lehenengo partiduan 2-0 irabazi zuten Aldabek eta Juaneneak, Gurrutxagaren eta Larrañagaren aurka. Nagusitasunez gailendu ziren irabazleak, hasi eta buka, aurkariei inolako aukerarik utzi gabe. Lehenengo seteko emaitza 15-9 izan zen, eta aldea haunditu zuten bigarrenean, 15-6 irabazita. Gurrutxagaren debuta izan zen lehenengo mailan, eta erritmo bizira egokitzea kostatu zitzaion. 

Emaitza berarekin bukatu bazen ere, zertxobait estuagoa izan zen bigarren partidua. Ezkurrak eta Martirenak 2-0 irabazi zuten Urrizaren eta Apezetxearen kontra, eta tanto ederrak egin zituzten lau erremontariek. Partidua aurrelarien arteko jokoan erabaki zen, lehenengo setean Urriza baino fiñago aritu zen Ezkurra, eta 11-15 irabazi zuten urdiñek. Bigarrenean hobetu egin zuen Urrizak, eta markagailua berdindua zegoen arren, urdiñek 14-15 irabazita amaitu zen norgehiagoka.

Ostiral honetan jokatuko dute bigarren jardunaldia Azpeitian. Lehenengo jardunaldiko galtzaileek jokatuko dute bikote berrien aurka; beraz, honakoak izango dira bigarren jardunaldiko partiduak: Ansa II.ak eta Zubirik Gurrutxagaren eta Larrañagaren aurka jokatuko dute, eta Loitegik eta Azpirozek Urrizaren eta Apezetxearen kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!