Bakailua protagonista eta 'pintxopotea' egunero Hernanin, gaurtik urriaren 20ra

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 9a, 00:00

Hainbat herritar, jatetxe eta tabernek prestatutako pintxoei begira.

Gaur hasiko da Bakailu Astearen 11garren edizioa, eta 27 jatetxe eta tabernatan izango da bakailu pintxoak dastatzeko aukera, 2 euroan.

Giro berezia sortuko da Hernaniko jatetxe eta tabernetan, gaurtik urriaren 20ra arte. Izan ere, gaur bertan hasiko da Bakailu Astearen 11garren edizioa, eta bakailuarekin egindako pintxoen lehiaketa izango da pizgarri nagusia, beste behin. Bakailua protagonista dela, 'pintxopotea' izango da egunero, 27 establezimendutan.

Zehazki, honakoak dira aurtengo edizioan parte hartu duten jatetxe eta tabernak, eta prestatu dituzten pintxoen izenak: Aieko (Venga va!), Akeit (Leherketa), Andre Kale 21 (Falso mejillón), Apeadero (Kilikaria), Aralar (Udazkena), Atxur (Pistatxo), Deportivo (Txapelgorri), Errioguardaenea (Kroketa nigiri), Garin (Perché ti amo), Goiz Argi (Behotuk), Goiz Eguzki (Ogia baino goxoago), Gunea (Gunea berri), Guria (Taupada), Harresi (Mora), Horbel (Vintage), Joxe Mari (Gazitxo), Kafe Arri (Bakalarri roll), Karrero (Cremonna), Kixkal (Urria), Latxunbe (Enborra), Rioja (Betikoa), Tamer (Beltza), Tripontzi (Bakailao entsaladilla), Txilibita (Orburu), Txoko (Indarra), Zinkoenea (Tropikala) eta Zumardi (Yausika).

Pintxo bakoitza 2 euroan dastatzeko aukera izango dute herritarrek, eta ondoren, urtero bezala, hiru pintxo gustukoenei botoa emateko aukera izango dute. Ohi bezala, tabernetan jarriko dituzte horretarako paperak eta kutxak, baina aurten, mugikorraren bitartez ere izango da bozkatzeko aukera.

Urriaren 20ra arte izango da bozkatzeko aukera, eta behin boto guztiak bilduta, hilaren 22an egingo dute sari banaketa. Batetik, sari herrikoiak emango dituzte, herritarrek aukeratutako pintxoen egileei; eta bestetik, sari profesionala, epaimahaiak hautatutako onenari.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!