«Inoiz baino garrantzitsuagoa da prebentzio-neurriak betetzen direla bermatzeko mekanismoak ezartzea»

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 8a, 00:00

40 bat lagun, Zikuñagako Papeleraren aurrean egin zuten elkarretaratzean, ostiral eguerdian.

Elkarretaratzea egin zuten Zikuñagako Papeleraren aurrean, Enpresa Komiteak deituta, irailaren 29an gertatu zen istripua salatzeko.

Lan istripua gertatu zen irailaren 29an, Zikuñagako Papeleran; eta bi langile larri zauritu ziren. Hori salatzeko, elkarretaratzea egin zuten joan den ostiralean, Enpresa Komiteak deituta, 'Lan istripu gehiagorik ez!' lelopean.

LAB eta ELA sindikatuek nabarmendu dute, papelerakoa zela zauritutako langileetako bat, eta mantenu lanetarako azpikontratatutako enpresa batekoa bestea. «Azpikontratatze politikak dakarren prekarizazioa gogor salatu nahi dugu, eta honek langileengan dauzkan ondorio lazgarriak azpimarratu», dio LABek: «Lan is­tripuak ez dira kasualitate kontua; arazoa estrukturala da, eta gaur egun inposatzen diguten ereduan dago arazoa».

ELAk, bere aldetik, mantentze lanetan izaten den arriskuaz ohartarazi du: «Ohikoa da enpresa honetan urteko momentu desberdinetan geldialdiak egitea, mantentze lanak egin ahal izateko. Lan hauek egiteko normalean enpresan ekoizpen lanetan aritzen den pertsonalaz gain, beste 500-600 langile inguru aritzen dira lanean. Honek esan nahi du, jende andana ibiltzen dela au­rrera eta atzera, kontrol eta koordinazio neurri exkaxekin la­nean aldi berean enpresan, eta hau da hain zuzen ere istripuak gertatzeko arriskua sortzen duena. Zoritxarrez, ez da lehenengo aldia horrelako istripu larri bat gertatzen dena enpresa honetan, geldialdi hauetako batean. 2007 urtean beste bi langile larri zauritu ziren deposito batean lanean ari zirela, ur beroa bat-batean sartu eta erre egin ziren».

 

«Ezikusiarena egiten du administrazio publikoak»

Zentzu horretan, bi sindikatuek nabarmendu dute prebentzio- neurriak betetzearen garrantzia. «Istripuen zergatia ezagutzen du­­gu, arriskuak ekiditeko zein neurri hartu behar diren ere bai, baina lantokietan ez da prebentzio erreala egiten», adierazi du LABek: «Patronala lan istripuen erantzule da, bere irabaziak haundiagotzea nahiago duelako, langileen osasuna zaintzea baino». Bide beretik, ELAk dio «inoiz baino garrantzitsuagoa» dela prebentzio-neurriak betetzen direla «bermatzeko mekanismoak ezartzea», eta administrazioak «zigortzea enpresek egiten dituzten betegabetze normatiboak, etekin ekonomikoen gainetik langileen segurtasuna eta osasuna jarriz».

LABek ere salatu du, «ezikusiarena» egiten duela administrazio publikoak, eta ez duela «borondate politikorik egoera hau aldatzeko». Horregatik, exijitu diote lan istripuen aurrean tolerantziarik ez izatea, eta kontrola eta zaintza bermatzea. «Sarraski honekin bukatzeko, lan istripuak eta horren atzean dagoen prekarietatea lehenengo mailako arazo politiko bilakatu behar dugu, eta konpromiso politikoak ezinbestekoak dira», adierazi dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!