Herri Akordioa aurkeztu eta azaroaren 30erako Greba Feministara deialdia egin dute Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 8a, 00:00

Agerraldi jendetsua izan zen atzokoa, Kulturarteko Plaza Feministan, Herri Akordioa aurkeztu eta grebara deitzeko.

Agerraldia egin zuten atzo, Kulturarteko Plaza Feministan, Euskal Herriko mugimendu, sektore eta eragile ezberdinetako kideek. «Zaintza eskubide unibertsal gisa aitortzeko eskaera» egin nahi dute Herri Akordioaren bitartez, eta 23 aldarrikapen jaso dituzte.

Hitzordu potoloa izan zen atzo eguerdikoa, Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan. 300 lagun inguru elkartu ziren, Euskal Herriko mugimendu, sektore eta eragile ezberdinetako kideak; eta bertan aurkeztu zuten, guztien artean osatu duten Herri Akordioa. Horren bitartez, «zaintza eskubide unibertsal gisa aitortzeko eskaera» egin nahi dute, eta zaintza sistema «publiko komunitario berri baten beharra plazaratu». Era berean, atzoko hitzordua baliatu zuten azaroaren 30eko Greba Feministara deialdia egiteko.

Adierazi zuten, «bizimodu duina eraikitzeko oinarria» dela zaintza: «Ez da unean uneko zerbait, zaintza bizitzako une eta eremu guztietan da oinarrizkoa. Gure gorputzen, komunitateen eta lurraren iraunkortasunerako ezinbestekoa da; hau da, bizitza, ongizatea eta osasuna iraunarazteko eta kudeatzeko beharrezkoa». Zentzu horretan, salatu zuten gaur egun «erabat pribatizatuta» daudela zaintza zerbitzuak Euskal Herrian: «Azken 20 urteetan, euskal instituzioetatik sistematikoki pribatizatu dira ahal izan diren zaintza zerbitzu guztiak, enpresa lagunen eskuetan jartzeko eta horietatik milioi askotako etekinak lortzeko, zaintza hori jasotzen dutenen ongizatearen eta langileen lan-baldintzen kontura. Komunitate hitza erabiltzen badute ere, familia heteropatriarkala erdigunean jartzen duten politikak erabiltzen ari dira zerbitzu horiek ez garatzeko. Berriro ere, zaintza lanak emakumeon gain daude, eta sarritan emakume migratu arrazializatuengan. Sistema kapitalista eta heteropatriarkala izateaz gain, arrazista baita. Arduradun horiek izen-abizenak dituzte, eta gure bizitzen gainetik jarri dute kapitala».

«Pertsona guztiek zaintza eskaintzeko eta jasotzeko duten eskubidearen alde egin nahi dugu»

Horren aurrean, «zaintzarako es­kubide kolektiboaren» aldeko apus­tua egin nahi dute: «Pertsona guztiek, bizitza osoan zehar, askatasunez eta konpromisoz, zaintza eskaintzeko eta jasotzeko duten eskubidearen alde». Horretarako, zaintza lanen egungo antolamendu soziala «eraldatu» nahi dute, bi planotan pentsatuz eta aldaketak eraginez: batetik, premiei erantzunez, prekarioen eta kolapsatuen dauden egoerei aurre eginda; eta bestetik, epe luzera begiratuz eta bizitza erdigunean jarriko duen sistema sozial bat imajinatuz eta definituz.

Era berean, azaldu zuten He­rri Akordioak lotura zuzena daukala Greba Feminista Orokorrarekin: «Euskal Herriko Mugimendu Feministatik abiatu eta herri mugimendu, sektore eta eragile gehiagorekin elkarlanean josten ari garen prozesua da greba, eta horren isla da Herri Akordio hau. Grebara eramango ditugun epe luzeko zein motzeko aldarrikapenak bildu ditugu bertan. Mugimendu Feministatik aldarrikatzen dugun herri eredurantz urratsak emateko oinarri gisa ulertzen dugu Herri Akordioa, mugimendu sozial eta sindikalekin batera adostutakoa».

 

23 aldarrikapen, 
Herri Akordioak

Guztira, 23 aldarrikapen bildu dituzte Herri Akordio horretan. Horietatik, 18 dira lehentasunezkoak, epe motzera markatutakoak: Zaintza duinen unibertsaltasuna eskubide gisa aitortzea eta bermatzea; zaintza sistema publikoa indartzea eta garatzea; zaintza zerbitzuen pribatizazioa amaitzea; etxez etxeko laguntza zerbitzua indartzea eta garatzea; Atzerritartasun Legea bertan behera uztea, eta bitartean, zaintza langile guztiak erregularizatzea; erroldatzeko eskubidea guztiontzat eskuragarri izatea; etxeko langile egoiliarren erregimena desagerraraztea; etxeko langileak lan-erregimen orokorrean sartzea; etxeko langileei gutxieneko soldatatik gorako lansaria ezartzea; zaintza sektoreko langileen lan-baldintzak hobetzea; zaintzaileei laguntze­ko sareak sortzea; zaintzeko denborak bermatzea (lanaldia murriztuz, soldata txikitu gabe); gizonak interpelatzea, zaintza lanetan ardura har dezaten; zaintzeko baimenak zabaltzea eta haunditzea; zaintza lanak transbersalki lantzea; denontzako pentsio duinak ezartzea (1.080 eurokoak gutxienez); agroekologia babestea eta sustatzea; eta etxebizitza eskubidea bermatzea, merkatuan esku hartuz.

Epe luzera, berriz, beste bost puntu markatu dituzte: zaintza sistema publiko-komunitarioa garatzea, «aldaketa kultural haundi bat eskatuko duena, eta transbersalki momentu oro landu beharrekoa»; lanaren banaketa sexual eta arrazista amaitzea; herri antolaketa feminista bat garatzea; arrazakeriaren eta biolentzia instituzionalaren aurka borrokatzea; eta herri boterea eta gobernantza eredu berriak eraikitzea.

Orain arte jasotako aldarrikapenak aurkeztuta, adierazi zu­ten «funtsezkoa» izango dela «gu­re subjektibotasunean aldaketa sa­konak sustatzea, pedagogia fe­ministetatik. Zaintzekiko konpromisoak nahiz erantzuki­zunak hartu behar dira, eta la­­na­ren banaketa sexual eta arrazista desegin. Zaintza hartu behar da, bizitza osoan zehar, premia eta eskubide kolektibo gisa».

 

Greba Feministarekin bat egiteko deia, «zaintza eskubide kolektiboaren alde»

Gauzak horrela, «erantzukizuna eta konpromisoa» exijitu zieten, «dagokien arduradun politikoei. Egoera hau sostengaitza da, eta horren arduradunek izen-abizenak dituzte». Borrokarekin au­rrera jarraitzeko, azaroaren 30ekoa izango da hurrengo hitzordua: «Greba egingo dugu Euskal Herrian. Herriz herri eta asanbladaz asanblada ari gara antolatzen, zaintza sistema publikoa definitzen eta gure bizitzak politizatzen. Denon bizitzak erdigunean jartzeko prozesua da hau, eta horri ekingo diogu. Zaintza eskubide kolektiboaren alde, azaroaren 30ean Greba Feminista Orokorra!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!