Hamaika ekintza izango dira Zelabiden, auzoko festetako azken eguna ospatzeko

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 7a, 00:00

Denontzatek antolatutako zirkuitoan gozatzeko aukera izango dute gaztetxoek.

Atzoko giroari jarraipena emango diote gaur Hernaniko Zelabide auzoan. Haur jolasak eta ekitaldi gastronomikoak izango dira goizean, eta txapelketak antolatu dituzte bazkalosterako. Festak goizaldera arte iraungo du. 

Egun ederra izan zen atzokoa Hernaniko Zelabide auzoan. Arratsaldeko 18:00etan hasi ziren jaiak, eta festa giroa nagusitu zen ordutik aurrera. Holi Festak kolorez bete zuen Gabriel Zelaia plaza eta gustura aritu ziren jolasean haurrak eta gaztetxoak. Oihan Vega izan zen atzoko beste protagonistetako bat, dantzaldia egin zuten afaldu aurretik, eta musika saio ederraz gozatu zuten Zelabideko auzotarrek. Eguna amaitzeko, afalostean, Zezensuzkoaren txinpartek argitu zuten plaza. 

Goizean hasiko dira gaurko jarduerak

Gaur ospatuko dute Zelabide auzoan festetako bigarren eta azken eguna. Egun osoan zehar hamaika ekintza antolatu dituzte, eta goizean goiz hasiko dira ingurua girotzen, 10:00etan dianarekin esnatuko baitira bizilagun guztiak. 

Haurrei zuzendutako jarduera dexente izango dira gaur. 10:30etan Denontzat taldeak prestatutako zirkuitoa izango da atletismo pistan. Ondoren, 11:00etan, sokatira herrikoia antolatu dute Eper tabernako plazan. Bi jarduera horiek amaituta, eguerdiko 12:00etan, apar festa hasiko da Bidebieta plazan. 

Gastronomiak ere tarte zabala izango du Zelabiden. Eguerdiko 12:00etan patata tortilla lehiaketa egingo dute, eta aldi berean hasiko da sagardo dastaketa. Aldiz, eguerdiko 14:00etan paella jate herrikoia izango da, arratsaldeko ekintzetarako indarrak hartzeko. 

Bazkalostetik gauera, etenik gabe

Arratsaldetik aurrera iritsiko dira aurtengo festetako azken jarduerak. Jolasak eta txapelketak izango dira gehienak; tartean Mus Txapelketako finalak, Toka Txapelketa, giza futbolina edota gaztelu puzgarriak. Arratsaldeko 17:30etan atsedenaldi txiki bat izango dute gaztetxoek, eta txokolate beroa dastatzeko aukera izango dute Sagastialde elkartean. 

Atzo Oihan Vegak egin zuen modura, gaurkoan DJ Pakok girotuko du ilunabarra eta gaua. Arratsaldeko 20:00etan umeentzat arituko da, eta 23:00ettaik aurrera parrandazaleek hartuko dute lekukoa. Dantzaldia amaitzerakoan, goizaldeko 02:00ak aldera, amaituko dira festak.

 

ZELABIDEKO JAIAK

URRIAK 7, larunbata

10:00, Diana

10:30, Haurrentzako oztopo probak, Denontzat taldearen eskutik, atletismo pistan

11:00, Sokatira herrikoia, Eper tabernako plazan

12:00, Patata tortilla lehiaketa, Gabriel Zelaia plazan

12:00, Apar festa, Bidebietan

12:00, Sagardo dastaketa, Gabriel Zelaia plazan

14:00, Paella-jate herrikoia

15:30, Mus txapelketaren finalak, Gabriel Zelaia plazan

16:00, Gaztelu puzgarriak, Bidebieta plazan

16:00, Toka txapelketa, Eper tabernako plazan

17:00, Giza futbolina, Bidebietako futbol zelaian

17:30, Txokolatada, Sagastialde elkarteak antolatuta

18:00, Jaien aldeko bingoa

20:00-22:00, Umeentzako dantzaldia, DJ Pakorekin

20:30, Denok afaltzera,
txosnan

23:00-02:00, Helduentzako dantzaldia, DJ Pakorekin

23:30, Zezensuzkoa

02:00, Jaien amaiera

Erlazionatuak

Zelabideko jaiak 2023

Kronika - Erredakzioa 2023 urr 07 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!