«Isun berri bat» jaso duela salatu du Buruntzaldeako Kontseilu Sozialistak

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 7a, 00:00

Txosna baimenik gabe jartzeagatik 3.000 euroko isuna jaso zuen Kontseilu Sozialistak iazko abenduan. Orain salatu dute «prozesu hori ixtearekin batera beste bat ireki dietela».

2022ko San Joanetan txosna baimenik gabe jartzeagatik 3.000 euroko isuna jaso zuen Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistak. Haatik, prentsa ohar baten bidez azaldu dutenez, Hernaniko Udaletik gutun berri bat jaso dute Kontseiluko kideek: «Gutunean adierazten da lehen jarri ziguten txosnaren harirako isuna iraungitzen utzi dutela. Alabaina, egoera horrela utzi beharrean, prozesu hori artxibatzearekin batera beste bat ireki digute, isun berri bat jarriz».

KStik salatu dute «auzia guztiz politikoa dela»: «Legea eta administrazioa baliatzen ari dira haien interes politikoen alde. Gainera, azken San Joanetan txosna jartzeko baimena izateak urte horretako erabaki arbitrarioa agerian uzten du».

Hernaniko Udalarekin kritiko agertu da Kontseilu Sozialista

Kontseilu Sozialistatik gogor kritikatu dute Hernaniko Udalaren jarduna: «Behin eta berriro eskubide politikoak auzitan jartzen ari da Udala, baita mugimendu jakin baten jarduna oztopatzen ere».

Gauzak horrela, isun berriaren «baliorik eza» nabarmendu dute: «Eskubide politikoen aldeko borrokan jarraituko dugula adierazten dugu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!