Tantaka egitasmoan parte hartzeko hitzarmena sinatu du Hernaniko Udalak

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 7a, 00:00

Hendaian sinatu zuten hitzarmena.

Bidarraingo Udalarekin eta NASUVINSA erakunde publikoarekin batera sinatu du hitzarmena.

Hitzarmen berri bat sinatu du aste honetan Hernaniko Udalak. Tantaka egitasmoaren parte izango da Hernani, eta elkarlanean arituko da Bidarraingo Udalarekin eta Nafarroako Gobernuko NASUVINSA erakunde publikoarekin. Elkarlana uztailean abiatu zen, baina asteazkenean sinatu zuten hitzarmena; Xabier Lertxundi alkatea eta Tamara Zapiain Ingurumen teknikaria izan ziren Hernaniko ordezkariak. 

Martxan jarri duten proiektuak Urumea ibaiaren inguruko espazioetan lanketa ahalbidetuko du: «Euroeskualdeko ibai-eremuen garapen iraunkorra bultzatzea du helburu nagusi mugaz gaindiko proiektu honek. Zehazki, Urumea ibaia eta Baztan ibaiaren kudeaketa eta garapen iraunkorrean lanketa koordinatua gauzatzea ahalbidetuko du». 

Tantaka egitasmoaren helburua «espazio naturalen errespetuzko erabilera» sustatzea da. Guztira, 59.768 euroko aurrekontua izango du proiektuak, eta, Hernaniren kasuan, Urumea ibaiaren inguruko espazioetan gauzatuko dira jarduerak: «Jarduera teknikoez gain, sentsibilizazio eta kontzientziazio jarduerak ere egingo dira». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!