Erresistentziak erdigunera ekarriko dira Hariak-en

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 7a, 00:00

Su Hernández, Xabier Lertxundi, Itsaso Lekuona eta Irantzu Jauregi aurkezpenean.

Kulturarteko Plaza Feminista zinema-areto bihurtuko da bigarren urtez azaroaren 2tik 12ra hamar lan ikusteko aukerarekin.

Hariak, erresistentzia istorioen zinemaldiaren bigarren edizioa antolatu du Hernaniko Udalak, azaroaren 2tik 12ra Kulturarteko Plaza Feministan. Xabier Lertxundi alkateak, Itsaso Lekuona Kulturartekotasun zinegotziak, Irantzu Jauregi Kulturartekotasun teknikariak eta Su Hernández, Hariakeko koordinatzaileak aurkeztu zuten jaialdia.

Aurten begirada zorrotza Armenian jarriko da azken hilabetean bizi izan den egoera kontutan hartuta. Armeniak garrantzia berezia izango du Hariaken edizio honetan, izan ere, azaroan zehar Kulturarteko Plaza Feministan Araks Sahakyan artista armeniarraren erakusketa ere egongo baita ikusgai. Lertxundi alkateak azpimarratu zuenez atzoko aurkezpenean, «erresistentzia herrialde batean edo bestean esan daiteke, baina askotan elkar lotzen dira». Horregatik, hain zuzen ere, zinemaldia honi Hariak izena jarri dio Hernaniko Udalak. Askotan sentitu gaitezke identifikatuta beste herrialde baten egoerarekin».

Hernaniko Udaleko Lankidetza sailak urte asko daramatza sentsibilizazio ekimenak egiten eta iaz proiektu propio hau sortu zuen. Lertxundik azaldu zuenez: «Hariak-en helburua munduan zehar gertatzen diren giza eskubideen urraketak ikusaraztea da, baina urraketa horien aurrean eraikitzen diren erresistentzietan fokoa jarrita. Alegia, giza eskubideen urraketei aurre egiten dela eta aurre egin daitekeela erakutsi nahi dugu. Antolakuntzak eta komunitateak duten indarra nabarmendu nahi dugu».

 

Saioen ondoren, egile eta adituekin solasaldiak

Itsaso Lekuona Kulturartekotasun zinegotziak azaldu zuenez, iazko esperientzia positiboa aintzat hartuta, aurten ere Kulturarteko Plaza Feminista zinema-areto bihurtuko da bi astez. «Ostegunetik igandera, egunero film bat emango dugu eta asteburuetan, saio bikoitza eskainiko dugu goizez eta arratsaldez. Azaroaren 4an, larunbatean, Kontseiluaren manifestazioa izango da Bilbon arratsaldez eta egun horretan goizez bakarrik eskainiko da». Arratsaldeko saioak 18:00etan izango dira eta goizekoak 11:00etan.

Iazko moduan, emanaldi bakoitzaren ondoren filmaren egileekin edota gaian adituekin solasaldiak izango dira, «errealitate bakoitza hobeto ezagutzeko eta hausnarketarako bideak irekitzeko».

Lekuonak azpimarratu zuenez, «kalitate haundiko lanak izango dira aurten ere»Hariak zine jaialdian. «Kasu askotan, nazioarteko zinemaldietan erakutsi direnak eta sariak jaso dituztenak». Filmak jatorrizko bertsioan emango dira, euskeraz azpititulaturik. 

 

Sei film luze eta lau labur eskainiko dira

Aurtengo Hariak erresistentzia istorioen zinemaldian hamar lan eskainiko dira, sei film luze eta lau laburmetrai. Bertako eta Euskal Herritik kanpoko erresistentzia istorioak izango dira: Armenia, Argentina, Kolonbia, Txile, Espainia, Kenia...

 

Azaroak 2an eta 3an, Armenia protagonista

Irantzu Jauregik eta Su Hernándezek egitarauaren nondik norakoak azaldu zituzten. Azaroaren 2an, ostegunean, hasiko da. «Araks Sahakyan armeniar jatorriko artistaren Nuit Blanche erakusketaren irekiera». Arnaud Khayadjanian zuzendariaren Anahide film laburra eskainiko da. Diasporan bizi direnek sentitu dezaketen emozioetako bati buruz ari dira bertan. 

Araks Sahakyan artistaren Nuit Blance performancea eta solasaldia izango dira azaroaren 3an, ostiralean, artistarekin. «Gorputza erdigunean jartzen duen lan artistiko honetan identitateak ehuntzen dira erresistentzia politikoaren bilaketan».

Ondoren Diana Kardumyan zuzendari armeniarraren Tombé film laburra eskainiko da. «Armeniako egoera politikoa gora-behera, eguneroko bizitzak aurrera nola jarraitzen duen kontatzen du. Ondoren, Asier Blas Zientzi Politikoetan EHUko doktore hernaniarrak Armeniako egoera politikoaren testuinguru historikoan kokatuko gaitu».

 

Azaroak 4, larunbata: Ihitten elkartearen Lasarte-Oria, istorio zumez egina dokumentala. Hiru belaunalditako emakumeen ahotsak biltzen dira, hainbestetan isildutako istorioak lotzeko eta ehuntzeko. Ondoren, solasaldia izango da Ihitteneko Idoia Garzes Aldazabal eta Inge Mendiorozekin.

Azaroak 5, igandea: Goizean, Madrilgo Cañada Reali buruzko Guillermo García Lópezen Aunque es de noche film laburra. Film hau Canneseko eta Donostiako nazioarteko zinemaldietan erakutsi berri dute. Ondoren, Mujeres de Tabadol plataformako Houda Akrikezekin solasaldia. Auzoan argindarrik gabe daramatzaten hiru urte hauetako borroka azalduko du. Arratsaldean, The Letter dokumentalaren eskutik, Kenyako errealitatea ezagutuko dugu.

Azaroak 9, osteguna: El caso Freytter dokumentalarekin 2001ean Kolonbian eraildako Jorge Adolfo Freytter irakaslearen kasua ezagutuko dugu, Freytter elkartearen eskutik. Gurekin izango da haren semea, Jorge Freytter-Florian, 17 urte erbestean pasatu ondoren, aitaren hilketa ikertzera bere herrialdera itzuli zena. Julian Martinez Vallejo ikerketa kazetariak eta Maria Alejandra Rojas Ordoñez feminista eta lider sozialak ere parte hartuko dute solasaldian.

Azaroak 10, ostirala: De la resistencia a la existencia dokumentalarekin Tiempo Argentino egunkariaren kasua ezagutzeko aukera izango dugu. Langileek autogestiotik berpiztu zuten egunkaria, gaur egun Argentinako kooperatiba handiena dena sortuz. Malena Winer Buenos Airesko Unibertsitateko Filosofia eta Letren fakultateko irakaslea izango da gurean, Tiempo Argentinoko langile ohia.

Azaroak 11, larunbata: Goizean, Estibaliz Urresolak Cuerdas film labur saritua aurkeztuko du. Urresolarekin batera, Meatzaldea Bizirik plataformako Sara Ibañez ere bertan izango da. Arratsaldeko saioan, Txileko Arica hirian izandako isuri toxikoei buruzko ikerketa baten istorioa ezagutuko da, izen bereko dokumentalaren bidez.

Azaroak 12, igandea: Aurtengo Hariak zinemaldia Euskal Herriko dokumental batekin bukatuko dugu. Goizez, torturari buruzko Karpeta urdinak emango dugu. Bertan izango da Ander Iriarte zuzendaria.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!