«Pelotarien jarduna eta egiten den lana ikusaraztea da gaurko egunaren helburua»

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 7a, 00:00

Tilosetan egingo dute klubeko pelotarien aurkezpena.

«Hernaniko pelota bizirik mantentzeko» bolondres lanetan ari da guraso talde bat. Horien artean dago Itsaso Moreno goizuetarra: «Iaz oso balantze positiboa egin genuen, eta aurten berriro animatu gara». Gaurko desafiorako ez dauka zalantzarik, herrikideen alde egingo du.

Pilota Egunaren bigarren edizioa ospatuko duzue gaur. Lehengo urtean sentsazio onarekin bukatu zenutenaren seinale...

Bai, zalantzarik gabe. Helburu nagusia hasieratik izan zen herriko pelota ikusaraztea. Esku pelota kirol ezaguna da, hemen eta hemendik kanpo, baina askotan ezkutuan geratzen da. Pelotariez gain, entrenatzaileak, delegatuak eta lanean dabiltzan guztiak bertan egotea garrantzitsua iruditzen zitzaigun, frontoitik kanpoko esparruan elkar ezagutzeko. Oso balantze positiboa egin genuen lehenengo edizioan, eta aurten berriro animatu gara. 

Zer aldatu duzue bigarren ediziorako?

Zenbait gauza aldatu ditugu, antolaketa hobetze aldera. Aurkezpenaren ordua 12:30etan jarri dugu, ordu horretan jende gehiago biltzen delako Tilosetan, eta horixe delako helburua. Aurreko urtean jolas batzuk antolatu genituen goizean, baina aurten ez ditugu egingo, gaztetxo gehienek nahiago dutelako pelotan jolastu. Horren ondoren, bazkaria izango da; iazko modura musika mantendu dugu, eta aurten toka txapelketa ere antolatu dugu, haurrak eta helduak elkarrekin parte hartzeko aukerarekin. Azkenik, aurtengo berrikuntza haundiena iluntzeko desafioa da.   

Asko du aletzeko desafioak. Hasteko, Goizuetako taldeari bota diozue erronka. Nolako harremana duzue bailarako taldeekin?

Hori da, goizuetarrei proposamena egin genien eta segituan onartu zuten. Egia da orain arte Rufino Rekalde delegatua izan dela gainontzeko taldeekin harremantzeko arduraduna. Topaketak egin izan dira inguruko klubekin, eta gure helburua da horiek sustatzen jarraitzea. 

Emakumezkoen partidua ere antolatu duzue. Zein da Pelota Eskolako egoera?

Bai, hori ere garrantzitsua da. Aspalditik ari gara nesken parte hartzea bultzatzen; aurten lehenengo aldiz egin ditugu ate irekiak, eta neska batzuk animatu ziren probatzera. Askok interesa dutela dakigu, gerturatzen direlako guregana, eta guk guztiak animatu nahi ditugu. Klubean ari diren neskak ikusarazten saiatzen gara. 

Erronkaren azken adarra bertsolariena da. Zein izango da haien funtzioa?  

Tira, den dena ere ezin dugu kontatu! Hasiera batean botilero lanak egingo dituzte, baina bestea pixka bat zirikatzeko tartea ere hartuko dute. Maialen Lujanbio Hernaniko taldea animatzen arituko da, eta Aitor Mendiluze Goizuetako taldeari laguntzen. Iruditzen zait beraien artean sortuko dutela saltsa. Horrez gain, porra moduko bat ere antolatu dugu, eta emaitza asmatzen duenak saritxo bat eramango du. 

Guraso taldearen lana ikusarazteko balio dezake gaurko egunak. Gaurkoaz gain, zertan ari zarete lanean?

Azken bi urteetan buru belarri aritu gara lanean, klubean aldaketa batzuk datozelako. Horietako bat da Rufino Rekalde jubilatzen dela. Guk bagenekien egoera horri ezin geniola egun batetik bestera heldu, eta martxan jarri ginen plan estrategiko bat gauzatzeko. Plan horren helburuak dira pelotarien zaletasuna sustatzea, baliabideak eta bitartekoak lortzea, pelota genero eta adin guztietako publikoari eskaintzea eta giza baloreetan heztea. Bagenekien Rufinoren perfil antzekoko norbait bilatzea oso zaila izango zela, bere dedikazio guztia pelotari eskaintzen diolako. Iñaki Esnalekin hitz egin genuen, gure planaren berri eman genion, eta hark onartu egin zuen. 

Horrez gain, orain arte Rufinok egin dituen lan batzuk gure gain hartu ditugu. Guraso taldean ez gara asko, 10 inguru gara, ahal dugunean elkartzen gara eta lanak banatzen ditugu. Halako egun berezietarako beste guraso batzuk ere inplikatzen dira, eta hori eskertzen dugu.

Babesleak topatzea ere lan nekeza izaten da askotan, ezta? 

Oso lan zaila da, eta deialdia zabaldu nahiko genuke. Hernaniko pelota sailaren sostengu ekonomikoa ez da haundia. Zailtasun dexente izaten ari gara, eta gustatuko litzaiguke mezu hau iristea industriei, komertzioei edota parte hartu nahi duen edonori. Haien ekarpen txikia guretzat oso haundia izan daiteke. Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiegu urtero urtero laguntzen gaituzten enpresa eta komertzio txikiei.

Guraso taldearen beste pausoetako bat Txirri Elkartea sortzea izan da. Nondik dator ideia hori? 

Hori da. Pelota taldeak CD Hernaniren barruan jarraitzen du, baina ohartu ginen, beste kirol batzuetan egin duten modura, elkarte bat sortzea komeni zela eguneroko dinamikak aurrera eramateko. Gauzak errazte aldera sortu dugu Txirri Elkartea, eguneroko ekonomia eramateko, fakturak kudeatzeko edo behar diren guztiak egiteko. 

Elkartearen izenak ere zentzu haundia dauka. Gure artean egin genuen bozketa, eta baten batek egin zuen Txirri deitzeko proposamena. Hernaniko jatorria zuen joko baten izena da, egungo aiton-amonek ondo ezagutzen dutena. Tilosetako atzeko partean jokatzen zen, elizako pareta baliatuta, eta jokoak zeukan berezitasunetako bat zen eskubiko pareta erabiltzen zela ezkerrekoaren partez. Urte askotan jokatu zuten bertan, eta, irakurri dugunaren arabera, txapelketak eta apustuak ere egin zituzten. 1946ra arte iraun zuen kirolak. 

Gaur egun badago Tilosetan Txirri jokoa gogorarazten duen elementu bat, askok ezagutzen ez dutena. Sakeko Harria da elementu hori, hala deitzen zaio sakeak bertatik egiten zituztelako. Tilos eta Izpizua kalea banatzen dituen paretan dago, Izpizua kaleko hirugarren portalaren parean. 

Amaitzeko, eraldaketa une honetan zeintzuk dira zuen erronkak?  

Momentuz, plan estrategikoan zehaztutako ekintzak eta jarduerak bideratu nahi ditugu. Horren barruan sartzen dira ekintza zehatzagoak; ate irekiak, Pilota Eguna, inguruko herrietako klubekin topaketak... Gurasoen arteko lankidetza sustatzen jarraitu nahi dugu, baita klubak hazten jarraitzeko pausuak ematen ere. Gauza asko dauzkagu buruan, helburu eta erronka asko, denak agian ezingo ditugu segituan bete, baina saiatuko gara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!