Hernanik Oviedora bidaiatuko du bihar bigarren partidua jokatzeko

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 7a, 00:00

Getxoren aurkako garaipenak indarra eman dio Hernaniri.

Getxoren aurkako garaipenarekin indartuta, 12:00etatik aurrera bigarren garaipena nahi dute.

Getxoren aurka, Landaren, lau puntu lortu eta gero, indartuta bidaiatuko du Hernanik Oviedora bigarren partidua jokatzera. Bihar jokatuko du Ohorezko B mailako partidua aurkari arriskutsu baten aurka. El Naranco zelaian hasiko da 12:00etan eta Hernanik Getxoren aurkako garaipena berretsi nahi du.

Ez da partidu erraza izango. Oviedok aurreko astean galdu egin zuen Gasteizen, Gaztediren aurka, baina lehenengo jardunaldian garaipen erraza lortu zuen Asturiaseko derbian Gijonen aurka. Talde asturiarra etxean aurkari gogorra izaten da eta irabazi nahi izanez gero kontzentrazioa mantendu behar da eta akatsak ezin dira egin. Hernaniarrak faborito dira partidua irabazteko eta hasieratik erakutsi nahi dute talde sendoagoa osatzen duela Hernanik.

23 urtez azpikoek denboraldia hasiko dute gaur Ordizin

Hernaniko 23 urtez azpiko taldeak gaur hasiko du liga denboraldia Ordizin, Altamirako zelaian, arratsaldeko 16:00etatik aurrera. 23 urtez azpiko taldeak estatu mailan jokatzen du eta hirugarren txapelketarik indartsuena da. Bidaia luzeak izaten dira Ohorezko mailan dauden taldeen bigarren taldeek osatzen baitute txapelketa. Aurreko bi urteetan, Hernani maila onean aritu da eta ildo beretik nahi du jarraitu. 

23 urtez azpiko liga 16 taldek osatzen dute eta bi multzotan daude banatuta; A eta B multzoak, eta Hernani B multzoan dago sartuta ondoko taldeekin: Les Abelles, Ordizia, Barcelona Rugby, Poble Nou, CAU Valencia, Santboiana eta Sant Cugat. Beraz bidaia denak Herrialde Kataluiniarretara egingo dituzte gaurko bidaia kenduta.

Azken bi urteetan 18 urtez azpiko taldeak denboraldi itzelak egin ditu eta asteburu honetan hasiko du Euskal Liga, 16 urtez azpiko taldearekin batera. Getxoko bi taldeak izango dituzte aurkari. Hasiera zaila, baina erakargarria. 18 urtez azpikoek bihar, 10:30etan jokatuko dute beraien partidua eta 16 urtez azpikoek, 12:00etan hasita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!